BILBO. Bilbao Kirolaken ikastaroetan izena emateko hitzordua eskatzeko epea bihar hasiko da. Epea maiatzaren 14ra arte izango da zabalik. Bilbao Kirolakek 64 jarduera eskainiko ditu hurrengo denboraldian.

Eskaera-egileei zenbaki bat emango zaie, zozketa batean parte hartzeko eskubidea izan dezaten. Zozketa horretan, Bilboko kiroldegiek eskaintzen dituzten kirol modalitateetan izena emateko ordena erabakiko da.

Abonatu bakoitzak zenbaki bat eskatu ahalko du kiroldegi bakoitzerako, eta gehienez ere hiru jarduera hautatu ahalko ditu kiroldegi bakoitzeko. Aukeraketa hori informatiboa da; ez du eskaera-egilea izena ematera behartzen. Bilbao Kirolakek ez du bermatzen azkenean hautatutako jarduera horiek egingo direnik. Zenbaki hau kiroldegietan salmenta automatikorako dauden makinetan edo www.bilbaokirolak.eus webgunearen bidez eska daiteke.

Irailaren 10ean egingo dira zozketak (kiroldegi bakoitzeko bat), Bilbao Kirolaken egoitzan, eta egun horretatik aurrera hitzorduak adjudikatuko dira, atera den zenbakitik aurrerako hurrenkeran. Zozketa honen emaitzak irailaren 11tik aurrera kontsultatu ahalko dira udal kiroldegietan jarriko diren zerrendetan, salmenta automatikorako dauden makinetan eta www.bilbaokirolak.eus webgunean.

Zozketaren ondorioz bata bestearen osteko hitzorduak dituzten familia-unitateko kideei ez bazaizkie hitzorduak bata bestearen ostean egokitzen, orduan lehenengo hitzordua hartu eta gainerako kideei hurrenez hurrenekoak emango zaizkie.

Aurretiazko hitzorduaren bidez, eguna eta ordua erreserbatzen dira eskatutako ikastaroetan izena eman ahal izateko, baina horrek ez du bermatzen ikastaroetan lekurik izango denik.

Irailaren 16tik aurrera hasiko dira kiroldegietako izen-emateak, kiroldegi bakoitzeko salmenta automatikoko makinetan eta www.bilbaokirolak.eus webgubnean. Abonatu bakoitzak izena eman ahalko du adjudikatzen zaion hitzorduaren egunetik eta ordutik aurrera.

Izena emateko hitzordua egiteko araudi honen edukia irakurketa errazeko formatuan daude. Helburua da agiriko edukia ulergarria izatea nahinorentzat, baita adina, prestakuntza, hizkuntza-arazoak edo premia bereziak tarteko ulertzeko zailtasunak dituztenentzat ere.

2019/2020rako IKASTARO BERRIAK

Bilbao Kirolakek 64 ikastaro ematen ditu, ariketa fisikoa egin nahi duten pertsona guztien eskaera asetzeko pentsatuak. Ohikoez gain, 4 nobedade daude 2018/2019 ikasturterako:

Estresaren aurkako teknikak:

Ariketen programa, luzaketen, arnasketaren eta erlaxazioaren bidez giharretako estresa kentzeko diseinatuak, begirale espezializatu batek gidatuta. Ariketek zenbait gihar talde lantzen dituzte. Jarduera hau eginez, gorputzaren eta adimenaren osasuna hobetu egiten da. Adin guztietako eta egoera fisiko guztietako pertsonentzat egokia da.

Meditaziorako eta erlaxatzeko yoga:

Jarduera honen bidez ongizate pertsonala lortu nahi dugu, zenbait ariketa eginez, meditatuz eta erlaxatuz. Garrantzia ematen zaie arnasketari eta gorputzaren sentsazioei, adimenaren eta gorputzaren arteko oreka bilatzeko. Jarduera suabea da, adin guztietako pertsonentzat.

Spin gym:

Spin bike eta gimnasia jarduerak konbinatzen ditu: tonifikazioa, abiadura, agilitatea, malgutasuna... Horregatik, gorputza lantzeko sistema integrala da, gorputz osoari eraginez. Sistema kardiobaskularra eta arnasketa sistema hobetzen dira, tonu muskular ona lortzen da, eta sasoi fisikoa hobetzen da. Helduentzat eta gazteentzat da, bai gizonezkoak, bai emakumezkoak.

Igeriketa osasuntsua:

Igeriketa-ikastaro berezi hau osasunari begira ematen da. Askotariko edukiak dituzten programak garatzen dira bertan, eta besteak beste igeriketa, aquafitness ariketak eta jolasak sartzen dira.

Programa hau igeriketa-estilo tradizionalen ariketetan oinarritzen da (crawl, bizkarrekoa, bularrekoa, tximeleta), eta ikasleen ezaugarrietara egokitzen da. Modu osasuntsuan egiten dira estilook, eta ez modu teknikoan edo lehiakorrean. Edukiei betiere jolas izaera ematen zaie. Ez da nahitaezkoa igerian jakitea.

Ikastaroen eskaintza osoa hemen dago: www.bilbaokirolak.eus.