BILBO. Bilbao Art Districtek 50 jarduera antolatu ditu maiatzaren 2tik 12ra hiriko hainbat espaziotan. Ekintzak mundu guztiarentzat pentsatu dira, eta doan izango dira.

Bilboko Udaleko Kultura Arloko zinegotzia den Nekane Alonso Bilbao Art Districten Arteen Astearen zazpigarren edizioaren aurkezpenean egon da gaur goizean Azkuna Zentroan. Ediziorik luzeena izango da aurtengoa.

Hiriko udalak bultzatzen duen ekimena da Bilbao Art District, eta MawaTres artista eta Andrea Estankona ikertzailea izango dira komisarioak. Bilboko arte bisualetako hainbat eragilek hartuko dute parte bertan, hala nola Bilbao Arte, Azkuna Zentroa-Bilboko Alhondiga, arte-ekoizleak, galeriak edo EHUko Arte Ederren Fakultatea. Helburua da hiribildua herritarrak, artistak, arte galeriak, kultur eragileak, ekoizpen zentroak, museoak, unibertsitatea, sektorearen profesionalak eta modu batean ala bestean artearen munduarekin zerikusia duen pertsona eta erakunde oro elkarrekintzan aritzeko ingurune bihurtzea.

Hauexek izango dira hamaika egun hauetako artelanak hartuko dituzten espazioetako batzuk: Azkuna Zentroa-Bilboko Alhondiga, Bilboko Arte Ederren Museoa, Zabalguneko eraikina, Mesedeetako zubia, Erriberako zubia, Bilboko Itsas Museoaren zabaldegia, Areatzako estalpeak, Abandoibarra, Casilda Iturrizar parkea eta Bilboko beste parke batzuk, arte-galeriak, Bilbao Arte, Rekalde Aretoa eta EHUko Arte Ederren Fakultatea.

Bilbao Art District proiektua Arteen Astea baino haratago doa; hain zuzen ere, sektore artistikoa mugiarazi nahi du, eta artea urte osoan zehar sortzea, erakustea eta merkaturatzea. Jarraipen-lana da, eta herritar guztiei nahiz kultura eta sormen eragile nahiz profesionalei irekiko zaie.

SEKTOREAK ERAGINKORTASUNEZ PARTE HARTZEN DU PROGRAMAZIOAN

Otsailean, 2018. urteko edizioan egin zen bezala, Bilboko Udalak, Bilbao Ekintzaren bitartez, deialdia argitaratu zuen Bilbao Art District 2019ko egitarauan parte hartzeko proposamen artistikoak hautatzeko. Guztira, 34 proiektu jaso ziren, eta horietatik zortzi edizio honetako egitarauan ikus ditzakegu. Helburua da horietako batzuk gehiago iraunaraztea, Arteen Astearen ondoren ere bai.

ARTEAK GORDETZEN DITUEN BALIOAK

Bilbao Art District 2019ren edizioaren xede nagusia da ikusizko arteek sortzen duten balio ekonomikoari, sozialari eta kulturalari buruz hausnartzea, funtsezko aktiboa den aldetik, bai hiriak eskarmentu partekatuko espazioak sortzeko, bai esperimentazioa, irudimena eta ikerketa sustatzeko eta bultzatzeko, premisa batetik abiarazita: artea, kultura-balioa irudikatzeaz gain, garapen integralerako eragilea ere bada.

Horri dagokionez, egitaraua hausnarketa horretan oinarrituko da, hau da, zein garrantzitsua den balio sozial, kultural eta ekonomikoek artearen munduan islatzearen eragina. Gai horri buruz egitarauan jaso diren esku-hartzeei dagokienez, hauexek nabarmendu behar ditugu:

“Zertan pentsatzen dute artistek? Hegoalde-hegoalde-iparralde elkarrizketak munduari bira egiteko” Esku-hartze artistiko honen bitartez proiektua nazioartekotu nahi da eta herritarrengana hurbildu Mesedeetako eta Erriberako zubietan ikusgai egongo den erakusketa

grafiko batean, bai eta maiatzaren 8an Rekalde Aretoan egingo diren elkarrizketetan ere.

“LUTITEKA” Tunipanea artistak sortutako ehun musika-tresna esperimental baino gehiagok osatzen duten erakusketa da. Horietako asko Bilboko kaleetan aurkitutako elementu birziklatuekin sortu dira. Balio handia du; izan ere, ikusleek musika-tresnak hartu ahal izango dituzte edo sormen-tailer batean parte hartu. Bestalde, beste artista batzuek musika-konposizioak joko dituzte zuzenean musika-tresna horien bitartez.

Ildo horretatik,“Komisario eta artisten topaketak” proposatuko da, Bilbao Art District eta BilbaoArteren arteko lankidetzan. Bilboko sareko artistak profesionalki garatzen laguntzeko jardunaldi batzuk izango dira, eta dosierrak aurkeztu eta estudioak bisitatuko dira. Horrez gain, aurkezpen publiko bat antolatuko da, non edizio honetako gaiaren gainean hitz egingo den: praktika artistikoek sortzen dituzten balioak komisarioen praktikaren ikuspegitik.

Beste alde batetik, Azkuna Zentroa-Bilboko Alhondigarekin lankidetzan gauzatuko diren “Beste modu batean pentsatzeko testuinguruak sortu behar ditugu” jardunaldietan praktika artistikoen balioetan pentsatzeko, hausnartzeko eta eztabaidatzeko jardunaldi bat izango dugu.

BISITA GIDATUAK HIRIKO PARKEETARA

Solasparkea eta Herritar Ekologikoak ekimenek herritarrei proposamen bat luzatu nahi diete: ibilbide eta ekintza kolektiboak Casilda Iturrizar Parkeko materialitate ezberdinekin, eta bisita gidatuak bertoko eta kanpoko zuhaitzetatik, hurrenez hurren.

“Solasparkea” ekimenean, bi interpretazio-ibilbide proposatzen dira, eta mundu guztiak parte hartu ahal izango du Saioa Olmo eta Raquel Meyers artisten laguntzarekin. Bertan, Casilda Iturrizar parkeko elementuekin mintzatuko gara modu alternatiboan, ez beti egin ohi dugun bezala. Ibilbideak maiatzaren 4an eta 11n egingo dira.

“Herritar Ekologikoak” ekimenean, berriz, ibilbide gidatu batzuk egingo dira ingurumenari lotutako esku-hartze baten bitartez, eta subjektua lotu eta identifikatu nahi da kanpoko zuhaitzekin. Kanpoko espezieak identifikatuko dira, eta “NAN” bat egingo zaie. Esku-hartzean parte hartzen duten pertsonek txartela eraman ahal izango dute “babesaren” sinbolo gisa.

ISAAC CORDAL ARTISTAREN “LIDERRAK JARRAITU” AZKUNA ZENTROAN

Aipatutako esku-hartze batzuez gain, maiatzaren 2tik 19ra Azkuna Zentroko Kulturen Atarian ikusgai egongo den proiektua nabarmendu behar dugu:

"Liderrak jarraitu". Isaac Cordal artistaren artelan bat da, eta hiriko biztanleekin sortu da, zeinak aurrien hondakinekin mimetizatzen diren. Hartutako erabakien alboko eraginari begira noraezean dabiltzan negozio-gizon txiki batzuk bizi dira bertan. Erortzear dagoen hiri hori pixkanaka-pixkanaka utzi dugu, naturarantz aldentzen ginelarik.

Eskulturek boterearekin, burokraziarekin, politikarekin, patriarkatuarekin, bankarekin eta abarrekin zerikusia duen gizarte-estereotipo bat irudikatzen dute. Beraz, etengabeko gainbeheran dagoen gizartearen ikonoa dira eskulturak.

"Liderrak jarraitu" Cement Eclipses izeneko hiri-espazio batean garatutako proiektu baten zati bat da, non zementuzko eskultura txikien armada batek sortu dugun mendia ulertu nahi duen.

ARTE GALERIETARA IKUSLE BERRIAK ERAKARTZEA

Bilboko galerietara ikusle eta bisitari berriak hurbil daitezen, Galeriaren Eguna antolatuko da maiatzaren 11n. Egun horretan, bisita gidatuak egongo dira galeria batzuetan, eta, aldi berean, “Erosketa Kluba” prototipoa kaleratuko da. Horrek esan nahi du jardueraren babesleak bere gain hartuko duela artelan bat edo batzuk eskuratzeko konpromisoa.

Hauexek dira proiektuan parte hartuko duten galeriak: LaTaller, Espacio Marzana, SC Gallery, Aldama Fabre Gallery, Juan Manuel Lumbreras galeria, Vanguardia galeria, MH Art Gallery eta Aire galeria.

Programazio horri guztiari, halaber, hiriko eragileekin egingo diren jarduera bereziak gehitu beharko zaizkio Vanguardia galerian, saria jaso duen Izaro dokumentala proiektatuko da maiatzaren 17an, eta, ondoren, solasaldia izango dugu Txuspo Poyo egilearekin Era berean, hitzaldiak antolatuko dira artista eta komisarioekin, honako hauekin, besteak beste: Basque Center for Applied Mathematics delakoko ikertzailea Spazio Ranieri-n (maiatzaren 10a), Usoa Zumeta artista grabatzailea Juan Manuel Lumbreras galerian (maiatzaren 9a), Pako Pimienta Argazkigintza Garaikideko Zentroan (maiatzaren 10a) edo Jesús Alcaide komisarioa eta Eduardo Hurtado artista Aldama Fabre Gallery delakoan (maiatzaren 11).

EHUKO IKASLEEK SORTUTAKO SORKUNTZA ARTISTIKOAK

EHUko Arte Ederren Fakultatea aurten ere eraginkortasunez lankidetzan arituko da Bilbao Art District eta bere “Arteen Astearekin”. Beste edizio batzuetan bezala, Arte Ederren Fakultateko ikasleek esku-hartze artistiko ezberdinak egingo dituzte hiriko hainbat espaziotan, bestek beste, Containers Aurtenetxea eta Bilboko Itsasadarra Itsas Museoaren lankidetzari esker egin dena. Bestalde, fakultateko ikasleek esku-hartze artistikoak gauzatuko dituzte Bizkaia Aretoan.

AZKEN ESKU-HARTZEA AREATZAKO ESTALPEETAN

Amaitzeko, maiatzaren 11ko arratsaldean, Areatzako estalpeetan, Fat Combo eta Caostica kolektibo artistikoek ikus-entzunezko esku-hartze bat egingo dute “Hiriko Arte Primitibista” izenburua duen instalazio batean. Espazio horretan bertan, grafitiak margotuko dira zuzenean. Hori guztia VJ Anisakis artistaren zuzeneko musikarekin eta ikusizko materialekin girotuko da. Ekitaldia 18:00etatik 23:00etara egingo da.

Bilbao Art Districten “Arteen Asteari” buruzko informazio guztia eta programazio osoa honako helbidean: www.bilbaoartdistrict.com.