BILBAO. Bilboko Etxebizitza sozialen erakusketa, "Etxebizitza sozialek ehun urte Bilbon", Erriberako Azokan egongo da ikusgai maiatzaren amaierara arte. Galerian, etxebizitza sozialak Bilbon bete duen ehun urteko historiaren ibilbide arkitektonikoa jasotzen da argazkien eta testuen bidez, eta baita ere ikus-entzunezko euskarrien eta bitarteko interaktiboen bidez.

2018an ospatu da Bilboko Udal Etxebizitzen Ehungarren Urteurrena, eta hor kokatzekoa da erakusketa hau; era beran, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoaren Bizkaiko Ordezkaritzaren BIA Urban Regeneration Forum delakoaren III. edizioaren parte ere bada, Arkitekturaren eta ?Etxebizitza Sozialen gaineko sustapen, zabalkunde eta ikerketarako jarduera gisa.

Erakusketaren xedea da ez bakarrik atzerantz begiratzea Bilboko Udal Etxebizitzak tokiko organismo autonomo gisa izan duen historia eta etxebizitzen arloan gauzatu dituen jardun esanguratsuenak agertzeko, baita ere jendeari erakustea jardun horiek zer garrantzi izan zuten, beren inguruabar historikoetan kokatuta, eta zer eboluzio izan duten unean uneko arkitekturak eta hirigintzak eta bizitegietarako proiektu aitzindariek.

Xede horrekin, erakusketak joan den ehun urte honen time-line adierazgarri bat baliatzen du, ikusteko moduan deskribatuz une bakoitzeko mugarri nagusiak. Hautaketak arreta berezia jarri du bizitokien arloan beren ezaugarriengatik aitzindari izan ziren proiektuetan.

Kontakizuna sei epe nagusitan banatzen da, eta bakoitzak azalpen labur bat ematen du, interpretazio hobea egin ahal izateko.