BILBO. Bilboko udaltzaingoen herri lasterketan parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago. Epea apirilaren 4ra arte egongo da zabalik.Lasterketa apirilaren 14an, 11:00etan egingo da eta 5 kilometro inguruko ibilbidea izango du.

Lasterketa Uribitarten hasiko da, Udaletxearen aurrean. Uribitarte pasealekuan barrena, Guggenheim Museoko parketik Euskalduna Jauregirantz joko du. Euskalduna zubian ibaia zeharkatuta, beste aldetik itzulerako bidea egingo du: Unibertsitateen etorbidetik eta Campo Volantin pasealekutik igarota, lasterketa hasi den lekuan amaituko da.

5 kilometro pasatxoko ibilbidea familiek zein dibertsitate funtzionala dutenek egiteko modukoa da.

Lasterketan parte hartzeko, izena eman behar da Udalaren webgunean

Izena emateko epea gaur, astelehena, hasi eta apirilaren 4ra arte egongo da zabalik. Doakoa da baina pertsonako izen-emate bat egin behar da (adingabekoen kasuan, tutoreak egin behar du). Lasterketaren egunean, hasi aurretik, kamiseta bana emango zaie partaideei, dortsal-zenbakiarekin batera. Izena ematen denean zein kamiseta-neurri duten adierazi behar dute parte-hartzaileek; horregatik, izena martxoaren 4tik apirilaren 4ra egitea gomendatzen da. Lasterketaren egunean ere eman ahal izango da izena baina kasu horretan ez da bermatuko norbere neurriko kamiseta edukitzea.

Bilboko Udalak eta Udaltzaingoak herritar guztiak, helduak zein umeak, gonbidatu nahi dituzte kirol jai honetara, hain zuzen ere Udaltzaingoa sortu zeneko 175. urteurrena bilbotar guztiekin ospatzeko. Udaltzaingoak herritarrei zerbitzua emateko helburua dauka eta pertsonak eta ondasunak babesten ditu. 12 agenterekin hasi eta 800 agente baino gehiago dauzkan talde honen hazkunde profesionala irudikatzen du, beti herritarren zerbitzura.

UDALTZAINGOAREN 175. URTEURRENA GOMUTATZEKO BESTE EKITALDI BATZUK

Bilboko Udaltzaingoa 1844ko azaroaren 8an sortu zen, Federico Victoria de Lecea alkatearen eskutik. Harako hartan, tokiko erakunde moderno bat sortu zuen 12 agenterekin. 175 urte ondoren, Bilboko Udaltzaingoa aldatu egin da eta gaur egun tokiko polizien erreferentea da hurbiltasun eta gertutasuneko politikarekin.

Urte berezi hau ospatzeko, Bilboko Udalak herritarrentzako zenbait ekitaldi prestatu ditu. Udaltzaingoak bilbotar guztiekin partekatu nahi du urteurren berezi hau.

Ekitaldi hauek prestatu dira Bilboko Udaltzaingoaren 175. urteurrenean:

Bilbon erroldatuta dauden Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. zikloetako ikasleentzako ipuin lehiaketa.

Miribillako instalazioak ezagutzeko eguna, martxoaren 30ean. Herri lasterketa familiekin eta gizarteko zenbait talderekin Uribitarteko inguruan, apirilaren 14an.

Tokiko poliziaren ereduari buruzko jardunaldiak urriaren 10ean eta 11n, Euskalduna Jauregian. Ekitaldi instituzionala azaroaren 8an, Bilboko Udaltzaingoaren urteurrena ospatzen den eguna.

BILBOKO UDALTZAINGOAREN 175. URTEURRENEKO IPUIN LEHIAKETA

Bilbon erroldatuta dauden Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. zikloetako ikasleentzako ipuin lehiaketa da. Bilboko Udaltzaingoaren lana eta “Bilbao Balioen Agiria” agirian jasotako balioetako batekin lotzea (elkartasuna, justizia soziala, giza eskubideen errespetua, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna, bizikidetza, konfiantza, zintzotasuna?).

Ipuinak aurkezteko epea apirilaren 1era bitartekoa izango da. Ipuinak Segurtasun Sailean aurkez daitezke (Miribilla: Juan Carlos de Gortazar kalea 3, 48003 Bilbo). Bestela udaltegietara eraman edo posta arruntez bidal daitezke Segurtasun Sailera. Kasu guztietan adierazi behar da “Bilboko Udaltzaingoaren 175. urteurreneko Ipuin Lehiaketa”.

Ipuinak euskaraz edo gaztelaniaz idatz daitezke eta irudi batekin aurkeztu behar dira. Lehen Hezkuntzako 2. zikloko ikasleek 150 eta 200 berba bitartean idatzi behar dituzte eta hirugarren ziklokoen 200 eta 250 berba bitartean. Gainera, pertsona bakar batek idatzi behar ditu, jatorrizkoak izango dira eta ezin izango dira beste lehiaketaren batera aurkeztu.Ekinaren lehen hamabostaldian banatuko dira sariak:

Lehenengo saria, euskarazko kategoria absolutuan, 250 euroko balioa duena.

Lehenengo saria, gaztelaniazko kategoria absolutuan, 250€ euroko balioa duena.

Sari bat A kategorian (Lehen Hezkuntzako 2. zikloa) euskaraz idatzitako ipuinik onenarentzat, 140 euroko balioa duena.

Sari bat B kategorian (Lehen Hezkuntzako 2. zikloa) gaztelaniaz idatzitako ipuinik onenarentzat, 140 euroko balioa duena.

Sari bat C kategorian (Lehen Hezkuntzako 3. zikloa) euskaraz idatzitako ipuinik onenarentzat, 140 euroko balioa duena.

Sari bat D kategorian (Lehen Hezkuntzako 3. zikloa) gaztelaniaz idatzitako ipuinik onenarentzat, 140 euroko balioa duena.

Ipuinak kategoria absoluturako lehiatuko dira eta kategoria horretan saririk lortu ezean, ipuinik onenaren sarirako aukera izango dute, aurkeztutako kategorian.

MIRIBILLAKO INSTALAZIOAK EZAGUTZEKO EGUNA, MARTXOAREN 30EAN

Martxoaren 30ean Miribillako instalazio polizialen atean irekiko dira herritarrek gertutik ezagutu ditzaten bertako azpiegiturak eta udaltzainek egiten duten lana.

Instalazioak 10:00etatik 14:00etara arte ikusi ahal izango dira eta udaltzainek eurek izango dira tokiko gidak, egiten duten lana zein den azalduz. Bisitak 15 pertsonako taldeetan egingo dira, jendea Miribillako ate nagusira heldu ahala.

Adin guztietako pertsonak joan daitezke. Bideko segurtasuneko espazio bat egongo da umeentzat, bideko segurtasuneko arauak ikasiz jolas egin dezaten. Gainera, Udaltzaingoaren bilakaera zein izan den ikusiko da udaltzainen ibilgailuen erakusketa baten bidez.

TOKIKO POLIZIAREN EREDUARI BURUZKO JARDUNALDIAK

Tokiko polizia, gertutasun eta hurbiltasuneko poliziaren ereduari buruzko jardunaldiak egingo dira urriaren 10ean eta 11n, Euskalduna Jauregian.

Lehen egunean hitzaldi teknikoagoak izango dira, segurtasuneko agenteentzat, eta bigarren eguna herritarrentzat izango da.

AZAROAREN 8A, 175. URTEURRENEKO OSPAKIZUNA

Azaroaren 8an bukatuko da urteurrena, Bilboko Udaletxean egingo den ekitaldi instituzional batekin.