Basaurik Gure Artean erakusketaz gozatzeko aukera izango du berriro. Edizio berri honetan, Ianire Sagasti, Ander Gómez Miranda eta Helena Gonzálezen lan artistikoak erakutsiko dira, zeinek, pintura, poesia, argazkigintza digitala eta marrazkiaren sorkuntzekin, bokazio artistiko berriak sustatzen eta basauritarren arteari ikusgarritasuna ematen lagunduko baitute. Ekimen honen helburuetako bat “Basaurik duen ondare kultural eta artistiko aberatsari balioa ematea da, herritarrei udalerriko artisten lana hurbiltzeaz gain”, azaldu zuten atzoko aurkezpenean. Bertan, artistez gain, Asier Iragorri herriko alkatea ere izan zen.

Gure Artean erakusketaren antolakuntzatik azaldu zuten bezala, ekimen honek “gure herriko ondare kulturalaren adierazpenik jatorrenetako batera hurbiltzen gaitu. Izan ere, artistek beren lanak sortzen dituztenean, gure nortasunaren eta ondarearen parte bihurtzen dira, eta basauriar sortzaileen erakusketa hau, beraz, gure idiosinkrasiaren adierazpen bat da”. Erakusketa datorren urtarrilaren 14ra arte bisitatu daiteke Arizko Dorretxean.

Lehen esan bezala, erakusketan Ianire Sagasti, Ander Gómez Miranda eta Helena Gonzálezen lanak daude ikusgai. Iker Serrano, Basauriko kultur etxeko Arizko Dorretxeko erakusketen koordinatzaileak adierazi duen bezala, “niretzat ohore handia da maitasun berezia diedan eta azken urteotan ezagutu ditudan hiru artista hauek aurkeztu ahal izatea”. Erakusketa honetarako hautatu dituzten lanak ikusita, “bistan da gorputza, subjektua eta horien izatea direla hiru artisten elkargunea. Zein bere ikuspuntutik, hiru proposamenek bilatzen dute izatean eta bere identitatean sakontzea, errealitatearekin duten harremana pizten duen zentzumena azaleratzea lortzeko”. Hiru artisten obrek, beren plastikak, hausnarketek eta planteatzen dituzten ondorioek “iradokitzen digute errealitatea den moduan erakusteko sakontze-lan horri esker, agertu egingo direla ikuslea bere identitatearekin konektatu ahal izateko gakoak”.

Hiru artistek nabarmendu zuten “gure lana Basaurin erakutsi ahal izatea”, Gure Artean bezalako erakusketa batean ohore bat dela. Basaurin dagoen sorkuntza artistikoari ere balioa eman zioten. Helena Gonzálezek azaldu zuenez, Basaurin aurkezten duen obra “iragankorra da, eta, beraz, erakusketa amaitu ondoren, ez dugu obra hau hemen dagoen bezala ikusiko”. Algunos aspectos de HOSPITALARIA izenburua jarri dio erakusketa honetako lan sortari. Hospitalaria da 2018tik “aurrerako nire lan plastikoari eman diodan izena. Hitz horrek definitzen du nire jarduna, eta lotzen du, batetik, bere erro etimologikotik jaiotzen den polisemia aberatsarekin (huésped, hospital, huérfano, hospitalidad) eta, bestetik, ideia sinonimoen hedadura semantikoarekin (acogimiento, cuidado, amparo, abrigo, acogida, protección)”, azaldu zuen.

Ander Gómez artistaren kasuan, “nire azken urteen laburpen moduko bat egiten saiatu naiz. Ekarri ditudan obra guztiak, marrazki bat izan ezik, olioak dira”. Erakusketan “pinturaren historia berrinterpretatzen eta pintura orain, gure errealitatetik, nola bizi dezakegun ikusten” saiatzen da. Bere lanak figurazio oso berezi eta pertsonal batean kokatzen dira. “Pinturaren historiatik datozen erreferente eta jakintza teknikoen eragina sumatzen zaio, eta pintura flamenko eta tenebristaganako interesa ere bai”.

Ianire Sagastik azaldu zuen moduan, “aurkezten dudan proiektuak, Desestructuradamente. Formas de destrucción : “Izaera hauslea duten zenbait fase eta prozesutatik igaro eta gero, testuinguru erabat piktorikora iristen da, eta, azkenean, koadroa da sormen-ziklo horren emaitza”. “Intimoaren eta existentzialaren eremuak urratzen dituzten irudi jakin batzuk” azter- tzen ditu proiektuak, eta horiekin esperimentatzen du. Berez, “gu gagozkion subjektu sozialaren gaineko hausnarketa bat da, nortasunen tolesduretan sakontzen duten ikuspuntuetatik egindakoa”.