Basauriko Udalak Basauri Pintxo Festa lehiaketako sariak banatu ditu. Horrela, lehiaketa honetan pintxo onenak egin dituzten udalerriko ostalaritza-establezimenduak saritu dira, Helmuga Basauri ekimenaren barruan. Berta Montes, Ekonomia Sustapeneko zinegotziak, eta Jose Ramón Suárez, Merkataritzako zinegotziak, Helmuga Basauri Pintxo Festa 2021 lehiaketaren antolatzaileekin eta epaimahaikideekin batera, garaikurrak eta diplomak eman zizkieten atzo, Basauri Pintxo Festa lehiaketako saridunei eta finalistei.

Eskerrak eman zizkieten herriko ostalariei aurtengo Basauri Pintxo Festan parte hartu izateagatik, bai gidan parte hartu dutenei (56), bai lehiaketan parte hartu dutenei (31). Ekitaldi apal batean, baina ostalarien lan ona aitortzeko balio izan zuena, aurten izan den maila handia nabarmendu zuten. Gaineratu zutenez, "aurkezpen-egunean esan genuen ziur geundela Basaurira Pintxo Festako pintxoak dastatzeko asmoz etortzen zirenak edo Basaurin horretarako geratzen zirenak oso gustura geratuko zirela, eta hala izan da".

Lortutako puntuazioen arabera, Haizeberri taberna izan da Urrezko Pintxoa irabazi duena. Zilarrezkoa Izarra Berria tabernara joan da eta hirugarren saria, New Magic tabernak irabazi du. Fusio Pintxoaren saria Armiñe Jatetxearentzat izan da. Baina sariez gain, finalistei esker ona eman zieten ere. Guss Toki, Saibimendi, Apolo XII, Irati Taberna eta Kozkil izan dira finalistak.

Urrezko, Zilarrezko eta Brontzezko Pintxoen irabazleek izar formako garaikurra eta diploma moduko luma-kartoia jaso dituzte, bertan lehiaketaren irudia, irabazlearen kategoria, pintxoaren argazkia eta irabazlearen izena jarrita. Bost finalistei dagokienez, Pintxo Festaren irudia serigrafiatuta duen mantala eta lehen hiru sailkatuei emandakoa bezalako diploma (luma-kartoizkoa) eman zaizkie.