Basauriko Udalak igelaren pasealekua berritzeko lanak kontratatzeko prozesua ireki du. Proiektuak URAren (Uraren Euskal Agentzia) eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren oniritzia jaso ondoren, Basauriko Udalak lehiaketa publikoa deitu du berritze lanak esleitzeko.

Kontratuaren lizitazio aurrekontua 403.289 eurokoa da eta lanak bi hileko epean gauzatu beharko dira. Mercabilbaoren ondoko oinezkoentzako bidea edo bidegorria igelaren pasealekua deitua, birmoldatu behar izatearen arrazoi nagusia da "parterre mugakideetako zuhaitzen sustraiek zoladuran kalteak eragin dituztela. Udal teknikariek, lursaila eta izan ditzakeen soluzioak aztertu ondoren, erabaki dute pasealekuaren zoladura osoa birjarri behar dela, Soloarteko parkeko pasabidetik igel toka dagoen eremuraino", azaldu dute Udaletik.

Horretarako, zenbait zuhaitz kendu beharko dira; izan ere, bestela, "denbora kontua izango da berriro ere pasealekutik ibili ezin izatea sustraiek eragindako kalteengatik". Zuhaitz horien galera konpentsa-tzeko, ez baita erraza horiek lurrez aldatzea, haien ezaugarriak, tipologia eta tamaina tarteko, "kendutako zuhaitz kopuru bera landatuko da udalerriko leku desberdinetan. Hori horrela, erriberako espezieen 55 ale landatuko dira". Lizarrak, urkiak, sahatsak, pagoak edo sagarrondoak landatuko dituzte: 15 zuhaitz igelaren bideko bertako ibaiertzean, 10 Soloarten, 5 Pinceles parkean, 10 Ibarreta ibarrean eta etorkizunean, beste 15 Pozokoetxen.

Pasealekuaren birmoldaketa osoa gauzatzeko, bidea hormigoizko zolata baten bidez birjarriko da, eta ondoren, gorriz asfaltatuko da. Gainera, "zintarria, baranda eta argiztapen sarea ere berrituko dira. Pasealekuaren amaiera, hau da, igel toka dagoen eremua ere berrituko da, eta aisialdirako gune txiki bat jarriko da". Gainera Artunduagako zubi zaharraren alboko oinezkoentzako pasealekuaren zati bat hobetzeko baliatuko da esku hartzea. Zentzu honetan, zuhaitz baten sustraiek altxatuta dago hura ere.

"Puntu horretan, tratatutako egurrezko plataforma bat jarriko da, sustraien oztopoa gainditzeko". "Denbora luzez espero izan da lanok egitea eta oso beharrezkoak ziren, baina beste administrazio batzuen baimenak eta azterketa tekniko oso xehatua ere behar ziren, soluzio eraikitzaile onena aurkitzeko; azkenean, gauza dezakegu. Pasealeku eta bidegorrien sarea asko hobetuko da, eta, aurreikuspenen arabera, basauriarrok udaberrian gozatu ahal izango dugu horiez", azaldu du Basauriko Udaleko Hirigintzako zinegotzi Nerea Renteriak.