Gogo handia bazuten ere, eta pena handiz, iaz, Finagako San Martin Kofradiak bertan behera utzi behar izan zituen normalean antolatzen dituzten ekitaldi guztiak. Bereziena, San Martin egunean ospatzen delako, azaroan izaten da, beti 11 egunean edo hurrengo asteburuan. Oraingoan, kofradiak datorren igandean, hilaren 14an egingo den ekitaldia berreskuratu du.Kofradiatik azaldu dutenez, “iaz maiatzeko errogatiba eta azaroko festa bertan behera utzi behar izan genituen, baita 2021eko errogatiba ere. Beraz, gogo handia dugu berriro Finagan elkartzeko, eta merezi duen moduan ospatu ahal izango dugu egun hau”.

Baina covid-19a oraindik ez da desagertu, eta, beraz, egongo da neurriren bat festa eta antolatu diren ekitaldiak arduraz ospatzeko. Alde horretatik, “bazkaria kendu dugu, jatetxe batean egin ohi genuena”. Baina, hala ere, “bazkaria egongo da, koadrila bakoitzak edo Finagara egun horretaz gozatzera joaten denak janaria eraman edo bertan presta baitezake, baina ez dago herri bazkaririk, hau da, bakoitza bere lekuan, leku berean jende askorik egon ez dadin”, azaldu dute.

Gainera, ekitaldi bakarra egongo da barruan, hau da, ermitan egingo den meza. Gainerakoa aire zabalean izango da. Eguna 11:45ean hasiko da, prozesioarekin Finaga Txikia etxetik egingo den irteerarekin. Laburra izango da, 12:00etan meza hasten baita ermitan. 13:00etan gaztaina banaketa egingo da eta 15:00ak aldera hasiko dira bazkaltzen. “Gutxienez bi kuadrilla elkartuko gara bazkaltzera, pertsona batek babarrunak prestatuko ditu eta bakoi- tzak janaria eraman dezake eta zelaian egon, aire zabalean”. Musikarik ere ez da faltako, txistulariekin eta “pertsona bat egongo da musika jartzen. Baina argi izan behar dugu ez dela beste urte batzuetan bezalako festa izango, jende asko elkartzea saihestuko dugu”, aipatu dute.

Aurtengoa 26. edizioa izango da. Kofradiak urte asko daramatza aipatutako bi jaiak antolatzen, Basauriko San Martin de Finaga ermitaren inguruan. Ia kasualitatez hasi zena tradizio bihurtu da, eta kofradiatik gogor eutsi diote bai maiatzeko errogatibari, bai azaroan egiten duten jaiari. Lehenik eta behin, ermita zaharberritu zuten, eta, han, obrak egiten ari zirela, garrantzi handiko aztarnak aurkitu zituzten, orain ermitan ere ikus daitezkeenak. Hainbat helburu ezarri ziren kofradia gisa; alde batetik, “baseliza egoera ezin hobean mantentzea nahi genuen”. Baina, bestetik, haratago joatea eta “landa-inguruneetan, baita Basaurin ere, egiten ziren jai ba- tzuk berreskuratzea” planteatu zuten. Beraz, ospakizun tradizionalei balioa eman nahi zieten.

Baina bi ospakizun horiez gain, “beti saiatu gara gauza gehiago egiten”. Horregatik, pandemia baino lehen urtero irteeraren bat edo bazkari herrikoiak antolatzen zituzten herriak bisitatu ondoren, etab. Orain, Finagako jaiez gain, “kofradia batzeko balio duten ekitaldi horiek berreskuratzea ere espero dugu”, diote.