Berbalagun egitasmoa abian da Basaurin eta Galdakaon. Euskararen erabilera sustatzea eta pertsona taldeak hizkuntza hori praktikatzeko elkartu ahal izatea helburu duen ekimenak ilusioz betetako ikastaro berri bat eskaintzen du, hazten jarraitzeko helburuarekin, urte eta erdi osasun-egoerara egokitu behar izan ondoren. Hamazazpigarren ikasturtea hasiko du Galdakaoko Berbalagunek, hamaikagarrena Basaurikoak.

"Berbalagun programak euskaraz bizi nahi duten horiei, bizitza bere osotasunean euskaraz egiteko pausuak ematen laguntzen die. Izan ere, euskaldun berriei ikasitakoa praktikara eroateko zubi lana bikaina izateaz gain, euskaraz bizi nahi duten euskaldun osoei euren ingurua euskalduntzen laguntzeko lanabes ezin hobea da", azaldu zuten atzo aurkezpenean. Aurtengo ikasturteari begira, "pandemiak sortutako egoera batere erraza ez den arren, proiektuak aurrera jarraituko du".

Talde batzuk dagoeneko elkartzen hasi dira, eta "pandemia egoerak hobera egin duela ikusita, talde berri gehiago sortuko ditugula aurreikusten dugu". Beste urte batzuetan bezala, ekintza osagarriak antolatuko dituzte, eta "Berbalaguneko asteroko taldeetan parte hartu ez arren, ekintzotan edozein euskaldunek izena eman dezakeela gogorarazi nahi dugu", aipatu zuten.

'On line', interes taldeak...

Dena den, "ulertzen dugu pertsona askok oraindik birusari beldurra izatea eta taberna batean elkartzeko konbentzituta ez egotea edo, besterik gabe, batzuek nahiago izatea ordenagailu bidez euskara praktikatu kalean baino". Horregatik, aurten ere, Berbalagunek on line

Ekimen honetan parte hartzeak gora egin du urtez urte eta onarpen handia du. Galdakao eta Basauriko Berbalagun proiektuetatik 650 lagun inguru ibili dira urte hauetan guztietan. "Azken ikasturtean (2020-21) 240 lagun ibili ziren 33 berbataldetan banatuta, 6-8 pertsonak osatutakoak (aurten 6 asko jota izango da)". Logikoa denez, ikasturte honetan eta antolatutako jardueretan bilduko diren talde guztiek momentu bakoitzean dauden osasun-arauak errespetatuko dituzte.

Aipatu behar da talde arruntez gain, hau da, tabernetan geratzen diren taldeez gain, "interes taldeak ere badaudela, hala nola: mendi taldea (hilean behin irteera bat), jostun taldea, euskal dantza taldea, txalaparta taldea, bizkaiera lan-tzeko taldea eta paseo taldea eta Gurasolagun taldeak eta irakurketa taldea". Aurtengo berrikuntzetako bat hitanoa lantzeko taldea sortu nahi dutela da, eta baita yoga taldea ere. Horretarako, "dohainik izango den lehen tailerra burutuko dugu azaroaren 12an, 18:00etan, Galdakaon", parte hartzera animatu zuten.

Berbalagunen perfila anitza da: "Ikasleak, langileak, langabetuak, jubilatuak, gazteak, helduak... Iazko kiderik gazteenak 20 urte zituen; zaharrenak, ordea, 85. Sexuari dagokionez, Berbalagunen %75 emakumezkoa da, eta %25, gizonezkoa". Egitasmoa kudeatzeko batetik, Galdakaoko Udala, Galdakaoko AEK eta Galdakaoko Udal Euskaltegia, eta bestetik, Basauriko Udala, Basauriko AEK, Basauriko Udal Euskaltegia eta Basauriko Hizkuntza Eskola aritzen dira lankidetzan.

aURKEZPEN JAIAK

Berbalagun aurkezteko, Basaurin eta Galdakaon egingo dira aurkezpen jaiak. Galdakaon, azaroaren 4an, 18:00etan, Berbalagun aurkezpen jaia Iturrondo plazan egingo dute. Basauriren kasuan, 11an izango da, 19:00etan Zutarri tabernan. Taldeetan zein ekintzetan izena emateko edo agenda e-postaz jasotzeko 607 146 855 telefonora deitu beharra dago, baita galdakao_berba@aek.eus edo hegouribe@aek.eus helbide elektronikoetara idatzi.