Juan Diego Botto aktorea Basaurira iritsiko da Social Antzokiak programatu duen denboraldi berrian. Aktoreak antzerki sari nazionala (Premio Nacional de Teatro) irabazi berri du eta Basaurin izango da abenduan, hilaren 30ean, hain zuzen ere, Una noche sin luna antzezlanarekin. Basauriko antzokitik azaldu dutenez, Una noche sin Luna “antzezlan hunkigarri eta harrigarria da, Lorcari buruz XXI. mendeko sentsibilitateaz hitz egiten diguna, Federico bera gaur hemen gure artean balego bezala”. Poetaren bizitzako “alderdi ezezagunenetara eta obrara hurbiltzen den lana da. Funtzioak planteatzen duen bidaia ez da bidaia arkeologiko bat, baizik eta bere obraren bidez gure errealitatea ezagutzeko modu bat”.Baina programazioa askoz zabalagoa da urteko azken hilabeteetarako. Izan ere, atzo itzuli zen zuzeneko programazioa Social Antzokira. Urtea amaitzeko, kalitatezko programazioaren aldeko apustua egiten jarraituko du. Horrela, Basaurira antzerki, umore, musika eta dantza lanak hurbiltzeko ahalegina egin dute berriro ere. Zentzu honetan, programazioak mota guztietako ikusleentzako eskaintza izango du, Euskal Herriko eta Estatuko izen ospetsuz betetako kartel batean. Irailaren 30era arte, Social Antzokiaren Lagunek esklusiban erosi ahal izango dituzte azaroko eta abenduko ikuskizunetarako sarrerak. Urriaren 1etik aurrera publiko orokorrarentzako salgai jarriko dira.

Besteak beste Ramón Barea, Malena Alterio, Irene Bau, Javier Gutiérrez, Eneko Sagardoy, Ignatius Farray, Pepín Tre edo Itziar Lazkano hurbilduko dira Basauriko antzokira hemendik urte amaierara arte. Urriaren 2an Dead dantza ikuskizuna antolatu da eta Lasalaren eskutik ailegatuko da Social Antzokira (20:00etan).

Urriaren 12an, Basaurin denboraldiko euskarazko muntaietako bat izango da ikusgai, Kutsidazu bidea Ixabel lanaren bertsio musikala, Txalo Teatro eta Demode taldeen eskutik (20:00etan). Urriaren 16an beste antzezlan baten txanda izango da. Ignacio del Moralek, Fernando Fernan Gomezen El viaje a ninguna parte lanaren egokitzapena ekarriko du basauritarren antzokira, arratsaldeko zortzietan, Ramon Barearen zuzendaritzapean. Urriko programazioa Glu Glu konpainiaren Perez Sagutxoa haurrentzako ikuskizunarekin osatuko da, 12:30etan.

Ignatius Farray umorista azaroaren 5ean izango da Basaurin. Hurrengo egunean, programazioan beste antzezlan bat eskaintzen dute; Principiantes (de qué hablamos cuando hablamos del amor). Azaroaren 20an Pepin Treren “umore sailkaezina” iritsiko da Social Antzokira. Musikari eta umorista beteranoak ikuskizun interesgarria ekarriko du Basaurira.

Azaroaren 26an Maitasunaren Itxiera antzezlana aurkeztuko da Basaurin. Miren Gaztañaga eta Eneko Sagardoy dira protagonistak. Euskaraz izango da, 20:00etatik aurrera. Urteko azken hilabetean, abenduaren 3an musika itzuliko da agertokira, Bertso & Musika: Koplariak koplari, Xabier Amuriza eta Agus Barandiaranen kontzertuarekin. 2021eko programazioa bi an- tzezlanekin amaituko da. Alde batetik, 26an, Los que hablan, Malena Alterio eta Luis Bermejorekin eta amaitzeko, Juan Diego Bottoren obra.