Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren prebentzio-lana indartu egingo da, sanmigeletan jende-pilaketak eta botiloiak ekiditeko. Basauriko Udaletik azaldu dute “udan zehar Bizkaiko udalerri askotan gertatutakoak aztertu ostean”, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak prebentzio-lan indartua eskainiko dutela, “covid-19a hedatzea ekiditeko neurriak betetzen direla bermatzeko. Prebentzio-ekintzak izango dira; batez ere, aski ezagunak diren mugak gainditzen dituzten jende-pilaketa handiak, eta Eusko Jaurlaritzak jardun sozialerako ezarritako neurriak nahita urratzen dituzten botiloiak saihesteko”.

Adierazi duten bezala, “Basauriko Udaltzaingoa eta Ertzaintza bildu egiten dira aldizka Koordinazio Operatiboko Mahaian, udalerriko segurtasuna jorratzeko eta gerta daitezkeen gorabeherei erantzun bateratu eta koordinatua emateko. Orain, indarrak batu dituzte berriro ere, San Migel jaia datorrela-eta estaldura zabala eskaintzeko”.

Helburu horrekin, “Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren patruilak egongo dira etengabe”. Batera ariko dira, bai herritarrek beren laguntza eskatzen edo beren beharra sortzen den tokietan, “baita kontrolik gabeko taldeak modu arduragabean batu, eta, indarreko araudia urratuta, botiloia egiteko biltzen diren lekuetan ere”. “Botiloietan parte hartzeak 600 euroko isuna dakar. Basaurin, orain arte, ehun pertsonari baino gehiagori ireki diete espedientea, horretan aritzeagatik”, aipatu dute.

Ostalariekin

Koordinazio Operatiboko Mahaian adostutakoa betetzeko, bestalde, Basauriko Udaltzaingoa San Migeleko ostalaritza-lokal guztietatik igaro da, “beste udalerrietako kasuez ohartarazteko eta elkarrekin lan egiteko eskatzeko, jaiegunak arazorik gabe joan daitezen. Polizia-kidego biek eskerrak ematen dizkiete ostalariei, San Migel zibiko eta eredugarri baten alde lankidetzan aritzeko agertu duten jarrera eta inplikazioagatik”. Aurten ez dira jaiak ospatuko, eta horien ordez, hainbat kultur jarduera antolatu dira datozen egunetan.