Basauriko Udalak Patio Zabalik. Horrela, bihartik aurrera, zenbait ikastetxetako patioak zabalik egongo dira asteburuetan, jaiegunetan eta oporretan. 2013an abiarazi zuen Udalak Patio Zabalik programa, familia basauritarrei aisiarako eta atsedenerako gune gehiago eskaintzeko.

“Pandemiaren ondorioz, urtebete eman dugu aisiaz gozatzeko aukera handirik gabe; horrelako ekimenek aukera ematen digute normaltasuna berreskuratzen joateko, elkarrekin egoteko eta kirola aire zabalean egiteko”, azaldu du Idoia Ortegok, Basauriko Udaleko Hezkuntzako zinegotziak.

Honako ikastetxe hauek zabalduko dituzte beren patioak: Soloarte, Basozelai-Gaztelu, Kareaga eta Sofía Taramona. Soloarte ikastetxearen kasuan, kanpoko patioa irekiko da. Data eta ordutegiei dagokionez, asteburuetan (larunbat eta igandea) eta jaiegunetan (abenduaren 25a eta urtarrilaren 1a izan ezik), 09:00etatik 20:30etara egongo dira zabalik aipatutako patioak.

Aste Santuan, eskoletako oporraldiarekin bat eginez, 09:00etatik 20:30era bitartean. Udan, patioak zabaldu eta itxi egingo dituzte oporraldian zehar; hau da, ekaineko azken astean, uztailean, abuztuan eta iraileko lehen astean. Eta gabonetan, patioak aste bitan zehar zabaldu eta itxiko dituzte, “eskoletako oporraldiarekin bat, 09:00etatik 20:30era bitartean”.

Udalekuak egongo diren ikastetxeetan (Sofía Taramona eta Basozelai-Gaztelu), “patioa zabalduko da udalekuen jarduna amaitu eta gero, ixteko ordua arte. Ordutegiak aldatu ahalko dira, Udalak, ikastetxeak edo eskola kirolaren arduradunek jarduerak antolatzen badituzte” hauetako patioren batean, aipatu du Ortegok. Patioak astelehenetan garbituko dituzte, eta, hala, guztiz higienizatuta eta erabilgarri egongo dira eskola-astea hasterako.