Basauriko Udalak adinekoentzako zahartze aktiboko programako ikastaro eta tailerrak berreskuratu ditu. Osasun-egoera dela eta, talde oso txikietan eta covid-19aren aurkako neurri guzti-guztiak hartuta egiten ari da. Lehengo astetik, “herriko adinekoak askotariko jardueretan parte hartzen ari dira, hala nola erlaxazioa, yoga, gimnasia, marrazketa eta pintura, dekorazio arteak...”, azaldu du María Larrinagak, Basauriko Udaleko Gizarte Politika Saileko zinegotziak. Jarduera horiek guztiak udal lokaletan ematen dira.

“Talde gutxiago dira, eta txikiagoak parte-hartzaileen kopuruari dagokionez, pandemiaren aurreko taldeekin alderatuta, baina adin tarte horretan txertatze prozesua oso aurreratuta dagoela ikusita, tailer horiek berreskuratzen hasi nahi dugu, bizimodu osasungarriagoa izateko, aktibo egoteko eta harreman sozial gehiago izateko oso lagungarriak zaizkielako eta”, aipatu du Larrinagak.

Jarduera horiek onuragarriak dira adinekoentzat, “azken batean, haien bizi kalitatea hobetzen dutelako, batik bat, kolektibo horretarako hain gogorra izan den urtearen ondoren”, dio. Eskaintza formatu murriztuan egin behar dIira oraingoz, baina hala ere, “bidea egiten hasteko balio izango duelakoan gaude eta, osasun egoerak hobera egin ahala, eskaintza zabaldu ahal izatea espero dugu”.