Hiri-Arbolaren I. Astea Astea Basaurin antolatu du Sagarrak Ekologista Taldeak. Hitzaldi bat, erakusketa eta ibilaldi gidatua prestatu dute #basaurikoarbolak kanpainaren barruan. Duela bi urte Basauriko arbola esanguratsuak- #basaurikoarbolak kanpaina abiarazi zuten, "hiri-arbolen balioa nabarmentzeko, berauek zaintzeko, babesteko eta ugaritzeko beharra azpimarratzeko, eta, bide batez, gure administrazioei horretarako neurriak har zitzatela eskatzeko", azaldu dute.

Zentzu honetan, "txalogarria iruditzen zaigu Udalak hartutako erabakia, arboladiaren eta gainerako landarediaren babesa arautzeko udal ordenantza bat egiteko. Espero dugu ahalik eta lasterren onetsiko dutela". Orain, kanpaina horri jarraipena emateko, hainbat jarduera burutuko dituzte. Antolatu duten lehen jarduera hitzaldi bat da; Iraganeko gure arbolen aztarnak Basaurin. Maiatzaren 6an, 19.00etan, Pozokoetxe Kultur Elkartean izango da. Izena eman behar da aurretiaz, ekologia@sagarrak.org helbidera idazten edo 944263769 zenbakian (azken eguna: maiatzak 5).

"Toponimiak aukera ematen digu gure inguruko tokien izen bereziak sortu ziren garaiko ezaugarriak ezagutzeko, eta agerian jartzen du gizakiaren eta hura bizi den ingurunearen artean dagoen lotura. Landaredia ingurune horretako funtsezko parte bat da, eta, hartara, zuhaitzekin eta beste landare batzuekin zerikusia duen toponimiak garaian garaiko paisaia eta landaretza irudikatzen ditu", eta horren inguruan arituko dira hitzaldian. Ander Ros Onomastika Elkarteko kideak Basaurin eta inguruetan dauden mota horretako toponimoen zenbait adibide azalduko ditu, eta, horri esker, "gaur egungo eta iraganeko gure ingurunea hobeto ezagutzeko aukera emango du".

Maiatzaren 7an, aldiz, Basauriko arbola esanguratsuak erakusketa San Migeleko Pinceles parkera eramango dute, 18.00etatik 20.00etara. "Kanpaina honen baitan, datorren ostiralean, erakusketa honen bidez gure udalerrian dagoen hiriko zuhaiztian zehar ibilbidea eskainiko da", azaldu dute Sagarrak taldeko arduradunek.

Arbolak ezagutu Ibilbide gidatua ere antolatu dute, herrian dauden zuhaitzak gertutik ezagutzeko aukera emango duena. Horrela, Eduardo Renovales Ekologistak Martxaneko hiri-arbolen adituaren eskutik. maiatzaren 9an, 11.00etan egingo dute. Izena eman behar da aurretiaz (azken eguna: maiatzak 6). 2019tik, herritarrek Basauriko arbola esanguratsuak-#basaurikoarbolak kanpainan parte hartu dute. "Zenbait arrazoi direla-eta berezi iruditzen zaizkien zuhaitzen argazkiak bidali dizkigute. Beste askoren artean, haritzak, ezkiak, indigaztainondoak, urkiak eta palmondoak bizi dira gure herriko kaleetan lagun ditugu, gure egunerokoan".

Baina sagarretatik galdera batzuk bota dituzte; "Ezagutzen ote ditugu? Badakigu bereizten zein den zein? Berauek behatzeko tarterik hartzen dugu? Errespetatu eta babesten ditugu?". Jasotako argazki mordotik abiatuta, "zenbait arbola ezagutzeko ibilbide gidatua proposatzen dizuegu, San Migel auzoan zehar". Gutxi gorabehera 90 minutu iraungo du, eta, bidean, Eduardo Renovalesen eskutik (Ekologistak Martxaneko hiri-arbolen aditua), "San Migeleko zuhaitzen ezaugarriak ezagutuko ditugu, beren kontserbazio-egoera, dakarzkiguten onurak eta bizi dituzten arriskuak".