Basauriko Udalak kulturaz eta kirolaz beteko du udaberria. Horretarako Udaberri Basauri jarriko du martxan. Udaberria inflexio-puntua izateko helburuarekin, "kalea berreskuratu eta udalerriko kultura-, aisia- eta kirol-jardueraren ardatz bihurtzeko, eta, bide batez, probatzen joateko zelan egin normaltasun berrirako trantsizioa modu seguruan", programa honek aisialdiko hainbat jardueraz gozatzeko aukera eskainiko du, hala nola kontzertuak, tailerrak edo aire zabaleko kirol saioak, azaldu zuten atzo Asier Iragorri, Basauriko alkateak eta María Larrinaga eta Jon Zugazagoitia zinegotziek.

"Osasun-neurriak eta edukierari, distantziei eta abarri buruzko murrizketak zorrotz-zorrotz aplikatuko dira", maiatzaren 8an hasi, eta ekainaren 27ra arte luzatuko den Udaberri Basauri programan, "non adin guztietako herritarrentzako ikuskizunak eta kirol-jarduerak eskainiko diren".Udaberri Basauri

Ekimen gehienak aire zabalean eta asteburuetan egingo dira, Solobarriako karpan; eta doakoak izango dira (Social Antzokikoak izan ezik: horietan sarrera ordaindu beharko da).

"Adin eta mota guztietako herritarrentzako jarduera eta ikuskizunak eskainiko ditu Udaberri Basaurik". Horrela, hauen artean, nagusienek Los Chimberos taldearen emanaldira joateko aukera izango dute maiatzaren 8an, Solobarriako karpan. Hurrengo egunean, maiatzak 9, toki berean, txikientzako pailazo-ikuskizuna egongo da. Bi hilabeteko egitarauan zehar eskainiko den beste jarduera bat izango da Boca Beats ikuskizuna, maiatzaren 15ean (larunbata), karpan.

"Gero, maiatzaren 16an (igandea), zumba egongo da eta, hurrengo larunbatean, gazteen-tzako tailerren eta Txiki Rock ikuskizunaren txanda izango da". Aipatutakoaz gain, Solobarrian mintzodromoa, bertso jaialdia (Euskal Astearen barnean) eta ZiberBasauri ere egongo dira, besteak beste. "Ekainerako, berriz, hauexek aurreikusi dituzte: boleroak, familia-ginkana, GAP kirol-jarduera eta Gurutze Beitia eta Maribel Salasen solasaldi umoretsuak", aurreratu zuen Larrinagak.

Osasun-neurriak

Karpa zabalduko da dagokion jarduera hasi baino ordu erdi lehenago eta "12 urtetik beherakoek pertsona heldu batekin etorri beharko dira". Parte-hartzaileek bi metroko segurtasun-tartea zaindu beharko dute une oro; "maskara behar bezala jantzita eduki beharko dute etengabe, eta gel hidroalkoholikoa izango dute eskura". Udal langileak egongo dira karpara sartzen eta bertatik irteten direnak kontrola-tzen, "bermatzeko segurtasun-tartea zaintzen dela. Zutik egoteko ekitaldietan (Basauri Kirolak eta Gazteria), edukiera txikiagoa izango da, osasun-neurri guztiak bete-tzen direla bermatzeko".

Ekimena zenbait udal atal eta erakundetatik sortu da -Kultura, Gazteria, Basauri Kirolak, Euskara eta Social Antzokia-, "basauritarrei hauspo apur bat emateko, segurtasun-neurri guztiak beteta, noski", aipatu zuen aurkezpenean Zugazagoitiak. "Kulturaren eta ikuskizunen sektoreei laguntzeko modu bat ere bada, pandemian zehar asko sufritu dute eta", gaineratu zuen alkateak.

Social Antzokian

Kontzertuak... María Larrinagak aurreratu zuenaren arabera, Udaberri Basauri programaren beste jarduera batzuk Social Antzokian izango dira. Adibidez, Eñaut Elorrietaren kontzertua (maiatzak 22), Naroa Intxaustirena (maiatzak 29), Jon Plazaolaren antzezlana (maiatzak 28) edo Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna (maiatzak 30).

Edukiera mugatua Jardueretarako edukiera mugatua izango da, eta, gehien-gehienetan, ikusleak eserita egongo dira (alegia, gazteentzako tailerretan edo kirol-jardueretan izan ezik). Gainera, gazteentzako jardueretan, izena eman beharko da aurretiaz.