Basauriko Udalak Pozokoetxeko partzela bat saltzeko lehiaketa publikoa deitu du. Interesa duten enpresek hilabeteko epea dute eskaintzak aurkezteko. Duela gutxi, Udalak iragarri zuen lursail bat saldu behar zuela Pozokoetxen, San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeko hiri-berrikuntzako plan bereziaren beste pauso bat aurrera eramanez. Beraz, prozesua azkar doa, eta salmenta hori ezinbesteko urratsa da udalerriko erdigunea hobetzen ari den hirigintza-plan honetan aurrera egin ahal izateko. Zentzu honetan, Pozokoetxeko lursail honen salmentari esker, hurrengo pausoak emateko aukera izango du Udalak, plana autofinantzagarria delako.

Lurzatiaren lizitazio-prezioa 3.216.717 eurokoa izango da (BEZ kanpo), baina enpresa lizitatzaileek hobetu ahal izango dute prezio hori. “Eskaintzak ezin izango dira beherantz aldatu”, azaldu dute Udaletik. Modu honetan, salmenta honi esker, Udalak 3,2 milioi euro inguru jasoko ditu, planarekin jarraitu ahal izateko. Beste alde batetik, enpresa adjudikaziodunak 32 etxebizitza, garajeak, trastelekuak eta merkataritza-lokalak eraiki beharko ditu bertan, eta ingurunea urbanizatu beharko du.

“Orubeak 560,49 m²-ko azalera du, eta 3.440 m²-ko eraikigarritasun geometrikoa”, azaldu dute udaletik. Agirre Lehendakaritik hurbilen dagoen lurzatia da, merkatu aurrean kokatua dagoena hai zuzen ere. Urrats horrek hobekuntza ekarriko du dagoeneko hobetu den eremu honetan. Izan ere, Udalak hainbat aldiz jardun du inguru horretan. Horrela, esan beharra dago San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeko hiri-berrikuntzako plan bereziak hirigintza-eraldatze jarduketa sakona aurreikusten duela.

Hauen artean, “kontserbazio-egoerari edo irisgarritasunari lotutako arazoak dituzten etxebizitzak botatzeko jarduketak, zenbait eraikinen birgaitze integrala (San Fausto 13 eta San Fausto 20-22), eta 254 etxebizitzaren (libreak eta babestuak) eta 24 zuzkidura-bizitokiren sustapena (alokairu bigunekoak, hain zuzen ere; batez ere gazteei zuzenduta)” aipatu daitezke.

Gainera, beste gauza garrantzitsua da, planari esker, udalerriko zenbait auzoren arteko komunikazioa hobetuko dela, “trenbide-trintxera gainean oinezkoentzako pasabide bat eraikita; erabiltzen ez den trenbide-multzoaren zati bat berreskuratu, eta hiri-parke bihurtuko da, eta tren-geltoki berri eta irisgarria eraikiko da”. Hori abantaila izango da Basauriko herritar guztientzat, ez bakarrik eremu horretan bizi direnentzat.

Beste pauso batzuk

Baina dagoeneko hainbat proiektu gauzatu dira edo aurreratuta daude, baita erdiguneko plan honen barruan ere. Besteak beste, aipatzekoa da San Fausto plaza berriaren proiektua idazteko lanaren adjudikazioa, orain dela gutxi egin dena. Autonomia kalearen jarraipena izango den bidearen proiektua ere idazte-prozesuan dago ere (Agirre Lehendakaria 31 botatzea ekarriko du egitasmo horrek).

“Horrez gain, iaz, Pozokoetxeko hiri-berrikuntza integralaren behin-behineko lehen jarduketa zabaldu zen, trenbide-multzoko zabalgunean. Horren aurretik, Agirre Lehendakaria 27 eta 29, eta San Fausto 4 eta 6 bota ziren”, aipatu dute. Gainera, Udalak maisu-maistren etxea zegoen orubea saldu zuen, eta, dagoeneko, proiektatutako etxebizitzak eraikitzen ari dira bertan.

Gainera, ADIFek Bidebietako tren-geltoki berriaren proiektua idazteko lana adjudikatu du, duela gutxi. Jarduketa Adif erakundeak Basauriko Udalarekin sinatutako akordioari esker egingo da. Izan ere, hartutako konpromisoen barruan sartzen da geltoki berriaren obra. Irisgarritasuna, funtzionaltasuna eta integrazioa hobetuko duen proiektua izango da.