Basauriko Udalak izen-emate guztiak onartuko ditu aurtengo udal udalekuetan. Hauek kudeatzeko zerbitzua kontratatzeko prozesuari ekin dio Udalak, 232.000 euroko lizitazio-aurrekontuarekin. Udal arduradunek espero dute uztailean udalekuak egin ahal izateko osasun-baldintzak egongo direla. Hala ere, egitasmoa aurrera joango da, pandemiak ahalbidetzen badu. Aurreko edizioetan bezala, tokiak ez dira zozkatuko eta eskabide guztiak onartuko ditu Udalak, Gainera, umeek txanda bietan eman ahalko dute izena.

“Basaurin erroldatuta egon eta 2009-2017 bitartean jaiotako neska-mutilentzat izango dira”, aipatu du María Larrinaga Basauriko Kulturako zinegotziak. Txanda bi egongo dira: uztailaren 1etik 14ra, eta 15etik 28ra. “Eta udalerriko ikastetxe publikoetan, gizarte-etxeetan eta kultur etxeetan egingo dira. Aurten ere, hiru udaleku mota eskainiko dira: egun erdikoak (9:00-13:30), egun osokoak (9:00-15:00, hamaiketakoa barne), eta kirol-udalekuak (9:00-15:00, hamaiketakoa barne)”, zehaztu du Larrinagak. Oso kontuan hartu beharko da osasun egoera, baina oraingoz udalekuak egiteko beharrezko pausoak emango dira. “Covid-19ak baldin-tzatuta gaude, eta, beraz, doikun-tza batzuk egin behar izan ditugu, udalekuak osasun-berme guztiekin egin ahal izateko. Espero dugu uztailean programa aurrera eraman ahal izateko baldintzak emango direla; baina, noski, pandemia-egoeraren mende gaude”, esan du zinegotziak.

Badakitela udalekuek “laguntza oso handia ematen dietela familia askori, lana eta familia bateragarri egiteari dagokionez; eta, hori dela eta, osasun-krisiak norantz joko duen jakin gabe ere”, zerbi-tzua kontratatzeko prozesuari ekin diotela gaineratu du. Noski, “haurren eta langileen osasun-segurtasuna lehenetsiko dugu”, argitu du Larrinagak. Neurri bereziak jarriko dira aurtengoan; “osasun-arduradunek astialdirako zehazten dituzten gomendioak beteko dira, eta aintzat hartuko dira udalekuak egingo diren zentroetako eta udal instalazioetako kontingentzia-planak”.