Basauriko Uribarri eta Urbi institutuetan HezHiz egitasmoa ipini da martxan. Maiatza bukaera arte, egitasmo hau jarri du martxan Basauriko Udalak Gipuzkoako Urtxintxarekin elkarlanean. Bertan, DBH 2. mailako ikasleekin, jolas eta dinamika desberdinen bitartez, hizkuntzen inguruko usteak eta jarrerak lantzea izango da helburu nagusia. “Munduko hizkuntzen inguruan hausnartzen hasi eta euskarara gerturatzen joango gara pixkanaka ikasleekin. Horretarako, hizkuntzen inguruko balioak, jarrerak eta aurreiritziak landuko dira, beste hainbat gauzen artean. Hizkuntza aniztasunaren garrantzia eta euskara erabiltzerakoan dituzten zailtasunak eta aukerak identifikatzen ere saiatuko gara”, azaldu dute antolakuntzatik.

Programa hau aurrera eramateko aisialdian eta hizkuntza normalizazioan adituak diren eta esperientzia handia duten hezitzaileak arituko dira, 8 orduz talde bakoitzarekin. Guztira 10 talde arituko dira hizkuntzen inguruko jarrerak eta usteak lantzen. Euskararen erabilera sustatzeko ere balioko du egitasmoak. Izan ere, “ikastetxeekin izan ditugun koordinazio bileretan behin baino gehiagotan atera da irakasleen kezka, gazteen artean, ikastetxean bertan eta ikastetxetik kanpo, noski, egiten den euskararen erabileraren gainean. Izan ere, euskaraz jakin badakite gazteek, baina erabilerak anka egiten du”, aipatu dute. Gogotxu hasi dira lanean: “Ikastetxeetan ilusioz daude, ikasleen hasierako jarrera ona izan da, gaiaren inguruan hitz egiteko gogoa erakutsi dute lehenengo saioetan”.