Basauriko Udalak 90.000 euro gehiago bideratuko ditu koronabirusa prebenitzeko helburuarekin, ikastetxeen eta eraikin publikoen garbitasuna eta desinfekzioa indartzen jarraitzeko. “2020ko irailean ikasleak ikasgeletara itzuli zirenetik, Udalak ikastetxe publikoen eta eraikin publikoen garbitasuna eta desinfekzioa indartu zuen”, azaldu dute udaletik. Orain, diru gehiago bideratuko da lan horietarako. Otsaila amaitu arte, “lan horiek ez dute kosturik izan Udalarentzat, kontratuak ezartzen baitu zerbitzuaren enpresa adjudikaziodunak urtean 1.200 ordu gehiago eskaintzen dituela doan”. Aipatutako desinfekzio-lanak, hasiera batean, ekainaren amaiera arte egin beharko direnez, “89.594 euroko partida bat (62.873 euro ikastetxeetarako eta 26.721 euro beste eraikin publiko batzuetarako) bideratuko da covid-19ari aurre egiteko”.