Bidegorria, skateparka edo tenis eta padel pistak izan dira galdakozatarrek aurrekontu parte hartzaileetan aukeratutako proiektu nagusienetakoak. Herritarren 979 botok hartu dute erabakia. Guztira udal aurrekontuetatik milioi bat euro zertara bideratu erabakitzeko prozesuan, "herritarrek proposatutako 115 egitasmoetatik 11 gauzatuko dira; horietako asko, kirolari loturakoak", azaldu dute udal gobernutik. Lehenengoa tenis eta padel pistak jartzea izan da. "Galdakaon tenisean eta padelean aritzeko pista bana soilik daudenez, kirol hori herri guztian sustatzea eskatzen du proposamenak". 200.000 euroko aurrekontua du eta prozesuan 168 boto jaso ditu. Bidegorriari dagokionez, Aperribaitik Galdakao erdigunera bidegorria, Olabarrietatik, Bengoetxetik, Zuatzaurretik eta Urretatik igaroko da. "Bizikletaren erabilera garraio garbi eta seguru gisa sutatzea du helburu proposamenak". Beste 200.000 euroko aurrekontua izango du proiektu honek eta 166 boto jaso ditu. Boto gehien jaso dituen hirugarren aukera Usansolon skatepark bat jartzea izan da.

"Berriki eraiki den Emakumeen plazako belargunean skateparka eraikitzea proposatzen du". Skateparka Etxebarrikoaren antzekoa edo U itxurako bat egitea da ideia. Usansoloko haur eta gazteei begirako proposamena da. 150.000 euroko aurrekontua du eta 150 boto jaso ditu. 200.000 euroko aurrekontua ere izango du laugarren aukeratu den proposamena; Sixta Barrenetxeako biribilgunearen erradioa txikitzea. Kiroldegietan hobekuntza batzuk egitea ere bozkatu da gehienbat. Horrela, Unkinako igerilekuaren sarrera berotuko da. "Unkinako kiroldegian, aldageletatik igerilekuraino korridorea hotza da. Dutxen gunetik igerilekurainoko bidean tenperatura aldaketa handia dago eta erabiltzaileak hoztu egiten dira". Eremu hori berotzeko, berogailu sistema jarri, haize korronteak ezabatu eta korridoreko sabaiak jeistea erabaki dute herritarrek. 138 botorekin. 80.000 euroko aurrekontua du. Kiroldegi honetan ere, foko berriak jarriko dira beste 80.000 euro inbertituz. Urretako kiroldegian berogailua ere jartzea erabaki da. "Urreta eskolako ikasleek gorputz hezkuntzako saioen ondoren derrigor dutxatu behar izaten dute eta aldagelak patio artean daude eta ez dute berotze sistemarik", azaldu dute. Horregatik, aldagela bakoitzean bi berogailu jartzeko proposamena onartu dute herritarrek, 97 botorekin (30.000 euro). Tirolina bat eraikiko da Usansolo parke berrian. Sokekin osatutako egitura edo kolunpio handi bat jarriko da. 132 boto izan ditu eta 20.000 euroko aurrekontua bideratuko da proposamen honetara. 22 botorekin, ping pong mahaiak Berezikoetxen jartzea ere onartu da.

Amaitzeko, plastikozko tapoiak batzeko ontziak herrian sakabanatuta ipiniko dira. "Aperribain, Galdakao erdigunean eta Usansolon" egongo dira. Udalak milioi bat euro gorde du herritarrek proposatu eta erabakitako egitasmoak gauza-tzeko.

Milioi bat euro. Galdakoztarrek udal aurrekontuetatik milioi bat euro nora bideratu erabaki dute prozesu parte hartzaileari esker. Eurek egindako proposamenen artean egin dute azken aukera, egingo diren proiektuak erabakitzeko.

115

373 ekarpen jaso zituen Udalak aurrekontu parte hartzaileetarako, eta, berdinak ziren proposamenak bateratu ondoren eta teknikoki egingarriak diren aztertu ondoren, 115 proposamenetan batu zituzten herritarren proposamenak.