Ikasturte berria hasi da eta, Basaurin, euskara praktikara eramateko helburuarekin, Berbalagun egitasmoaren edizio berria abian da. Euskara kalera eramatea da Berbalagun programaren helburu nagusienetariko bat. Iaz, 112 kidek hartu zuten parte Basauriko Berbalagun taldeetan, eta “denon artean lagun gehiago batu nahi dugu. Praktikatu eta bizi! lemapean, gurekin batera euskaraz gozatzeko gonbitea egiten dizuegu”, animatu dute antolakuntzatik. Azaldu duten bezala, “ikasitakoa praktikan jartzea ezinbesteko kontua da hizkun-tza bat barneratzeko”.

Beste urteetan bezala, programa ez dago euskara ikastera bideratuta, ikasitakoa praktikan jartzera baizik. Hau da, ezagutzen dutenek, euskaraz hitz egiteko espazio bat aurkitzeko. Baina gainera, “euskara praktikatzeaz gain, jende berria ezagutu, euskararen munduan murgildu, antolatzen ditugun ekintzetan parte hartu eta, finean, euskaraz bizitzeko aukera izango du Berbalagun doako eskaintza honetan izena ematen duenak”, esan dute. Printzipioz, jarduerak normaltasunez egingo dira, baina covid-19ak “zuhurtzia handiz jokatzera behartuko gaitu, hala ere euskara kalean indartzeko lanean jarraituko dute taldeek”.

Gauzak horrela, “egoerak okerrera egin eta berriro konfinatuko bagintuzte, bideo-deien zerbitzua eskainiko dugula jakinarazi nahi dizuegu”. Berbalaegun egitasmoan euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez dutenekin elkartzean datza. Bertan, “kolore guztietako herritarrak nahi eta behar ditugu”. Parte hartzeko izena eman beharko da: Basauriko AEK euskaltegian, Udal Euskaltegian, udaletxean eta Hizkuntza Eskolan, baita telefonoz (607632345) edo e-postaz (hegouribekoberbalagun@gmail.com) ere. Informazio gehiagorako blog-a ere badago: hegouribe.blogspot.com. Urrian hasiko dira taldeak martxan.