Gaur, urte osoko meza berezienetako bat izango da Bizkaian. Gorbeia mendiaren magalean, San Inazioren omenez urtero ospatzen den ekitaldia da. Gorbeiako katedral naturalean egingo da meza, 1.150 metrotara gutxi gorabehera. Bizkaian altuerarik handienean emango den meza ospatuko da eguerdiko 12.00etan, Elurretako Amaren baselizaren ondoan, hain zuzen ere. Aurtengo egoera kontuan izanik, mozala jartzea eta segurtasun tartea errespetatzea eskatu dute. "Aforo arazorik ez da egongo, leku zabalean izango da eta", dio Joxe Mari Kortazarrek, apaiza.

Urtero egiten den bezala, ospakizunean gogoan izango dira aurten hildako mendigoizale eta artzain guztiak. Amaitzeko, San Inazio martxa kantatuko da. Aldaketa bat egongo da aurte, izan ere,"bizi dugun egoera kontuan izanik, Zeanuriko Udalak ohiko barauskarri ezaguna ez du eskeiniko". Hala ere, Zeanuriko txistulariek euren doinuekin alaituko dute giroa toki zoragarriotara bertaratuko diren guztientzat. Kortazarrek dioen bezala, "debozio edo fede handiago edo txikiagoko mezak izango dira; doinuz hobeto lagunduak edo ez€baina ez da inor gailenduko altueran Elurretako Amaren baselizatxoan ospatuko denari. Ehunka lagun, mendizale eta artzain batuko dira meza ospatzera.

Lehen, uda garaian, ermita txiki honetan asteburu guztietan edo jaiegunetan ematen zen meza. Orain, urtean behin baino ez da egiten, San Inazio egunean. Meza bertan egitearen arrazoietako bat, inguruan lan egiten zuten artzainei eskaini ahal izatea zen, eta, horrela, igandero Igiriñaoko eliz ospakizunera joan zitezkeen. Tradizioa urte askoan mantendu da, eta mezaz gain, ehunka lagun joaten dira Gorbeiara San Inazio egunean.

Baseliza txikia

Elurretako Amaren baseliza porlanez eginda dago, upel bobeda modura eraikia, hegi harritsu baten sartuta. 3 x 2,225 metro neurtzen du, eta atean jarritako burdin hesi batek ixten du. 1924an, izatez Zeanurikoa zen eta Areatzan abade zegoen Eulogio Gorostiagak hauxe idatzi zuen, Gurutzi Arregik Ermitas de Bizkaia lan eskergan (II. liburukian, 406. orrialdean) gogoratzen digunez: "Baseliza hau oraintsukoa da; bere eskaintza egin zan Arraban egoan beste baten oroigarri, artean zelai honetan sendategi bat egoala". XIX. mendearen amaieran egindako kaperaz ari da, "Zeanurin baseliza modura hartu ez zena. Ondoren, joan den mendearen hasieran bertan behera itxi zen", dio Kortazarrek.

Baselizatxo hau benetan txikia zen, "barruan bi lagunentzako tokia baino ez zegoen eta". Hori dela eta, Gurutzi Arregik gogoratzen duen bezala, Benito de Atutxak baseliza handiagoa egiteko baimena eskatu zuen, "txangozale eta inguru haretako bizilagun apalentzat". Planoak ere gordetzen dira Labayru Ikastegian, baita baimen-eskaria eta dirua batzeko propaganda-batzordearen datuak ere. Baina azkenean, ahalegina bertan behera geratu zen. Aipatzekoa da, Zeanurik bi parrokia dituela gaur egun (Andra Mari eta Ipiñako Santiago), eta 19 baseliza. Elurretako Ama da altuen dagoen baselizea. Ezagunetan, San Miguel, bi baseliza dituena.

Segurtasuna

AURTEN, Doako autobusik gabe

12 urte etengabe. Azken hamabi urteetan Aldundiak etengabe eskaini du doako autobusa Gorbeiara igotzeko San Inazio egunenan, sarrera murriztuta baitute ibilgailu pribatuan doazenek. Baina aurten, covid-19aren kontra egin nahian, zerbitzu hau ez eskaintzea erabaki da, koronabirusaren hedapena eragozteko. Gorbeiako Parke Naturala babesteko asmoarekin eta San Inazio egunean bertara biltzen den jende andanak zirkulazio-arazorik ez sortzeko jartzen da martxan urtero. Nolanahi ere, sarbideetan eta aparkalekuetan kontrol-dispositiboak egongo dira, konfinamendua amaitu ondoko asteburu guztietan egin den bezala, Parke Naturalaren barruan ezin delako aparkatu, gaitutako tokietan izan ezik.