- Gaurtik aurrera TAO zerbitzua berrabiaraziko dute Etxebarrin. Zerbitzua eten aurreko baldintza eta ordutegi berdinetan hasiko da berriro. Horrela, astelehenetik ostiralera 9.00etatik 13.00etara eta 15.00etatik 19.00etara, gune urdinarekin eta gune berdearekin (goizeko, arratsaldeko edo egun osoko aparkalekua). Udal ibilgailuen erroldan dauden ibilgailu, motozikleta eta ziklomotorrentzat doakoa izaten jarraituko du.

Berrikuntza batzuk egongo dira zerbitzu honetan. Gestioak errazteko elparking aplikazio mugikorra. “Doako aplikazio honi esker (IOS eta Android), baimendutako gehienekora arte luza daiteke denbora, ibilgailura itzuli beharrik gabe, eta, halaber, ordainketaren zati bat berreskuratu ahal izango da, baldin eta ibilgailua gune urdinean ordaindutako denbora guztia kontsumitu aurretik mugitzen bada”, azaldu dute udal gobernutik.

Beste alde batetik, ez da beharrezkoa izango tiketa ibilgailuan jartzea eta “ordaintzeko modu ezberdinak daude: banku-txartela (contactless), txanponak edo mugikorraren bidezko ordainketa”. Android eta OCR (karaktereen ezagutza optikoa) sistemadun pda bidezko kontrola, errazago erabiltzeko eta gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez egongo da. Oraingoz eta egoera berezia denez, zerbitzua ez da larunbatetara zabalduko.