Urteak daramatzate mundu berdeagoa, iraunkorragoa eta ingurumen osasuntsuagoa defendatzen. Azken urte honetan, baso eta mendietatik haratago, Sagarrak Ekologista Taldeak Basauriko hiri-zuhaitzei merezi duten balioa eman die. Horretarako, hainbat ikastetxetara erakusketa ibiltari bat eraman dute urte honetan zehar; Basauriko zuhaitz aipagarriak. Joan den ostiralean, Ingurumenaren Mundu Egunarekin bat eginez, Pozokoetxen hainbat panelez osatutako erakusketa bera antolatu behar zuten, baina ezin izan zuten ospatu, “baimena lehenago eskatu behar genuela esan zigutelako”, azaldu zuten.

Baina lana lehenagotik dator, eta, horregatik, ahal bezain laster berriro antolatuko dute, “basauritarrek inguruan dituzten zuhaitz guztien garrantzia ezagutzea interesatzen zaigulako”. Batzuetan “badirudi hirietako zuhaitzek ez dutela baliorik, eta alderantziz da”. Horren arira eta balioa eta garrantzia galdu dutela ikusita sortu zuten ekimena. Orduan, “uste genuen hori landu behar genuela eta gure herri eta hirien bizitza berde hori balioetsi”.

Basauriko zuhaitz esanguratsuak, laguntzen al diguzu bilatzen? kanpaina da hori, batez ere, “gure herriko hiri-zuhaitzei balioa emateko, ematen dizkiguten onura anitzak ezagutzeko eta horiek zaintzeko eta errespetatzeko beharraz kon-tzientziatzeko”. Sagarrak Taldetik dioten bezala, “zuhaitzak funtsezko landareak dira planetaren bizitzan, eta haien garrantzia ez da basoetara edo naturguneetara mugatzen. Hiri-zuhaitzek onura ugari dakarkigute, airearen kalitatea hobetuz, isolatzaile akustiko gisa jardutean zarata murriztuz, edo klima erregulatuz, inguruneko hezetasuna handitzean eta tenperaturak epeltzean”.

Baina gainera, arbolak “animalia-espezie desberdinen bizileku dira, hala nola, hegaztien, intsektuen eta beste landare batzuen bizileku”. Horretarako, bizilagunak inplikatzea garrantzitsua izango zela uste zuten. Hori lortzeko helburuarekin, sare sozialen bidez, nahi zuenak zuhaitzen argazkiak bidaltzeko eskatzen hasi ziren. “Arrazoia edozein izan zitekeen, zuhaitz garrantzitsua izatea oroitzapenak ekartzen dizkiolako, polita iruditzen zaiolako, eta abar”, diote.

Eta pixkat denetarik jaso dute denbora honetan. “Pertsona batzuek beraientzat oso garrantzitsua izan den edo oso garrantzitsua den zuhaitz baten argazkia helarazi digute, bizitza osoan ikusi izan dutelako”. Beste adibide bat da eguraldi onarekin fruituak ematen dituen beste zuhaitz batena, eta “kontatu ziguten nola, fruituak ondo daudenean, hartzen dituzten”. Argazki horietatik batzuk aukeratu eta katalogo bat egitea da asmoa, “hasiera batean formatu digitalean”.

Erakusketan, paneletan oinarrituta dagoena, hamar zuhaitz espezie aukeratu dituzte, Basaurin adierazgarrienetakoak direnak edo ale askorik ez dutenak ere, duten berezitasunagatik, hiri-ingurunean hazi direlako batez ere. Horrela, panel hauetan alamoak, ezkiak, lizarrak, haritzak, elorri zuriak, pagoak, astigarrak, haltzak edo abedulak agertzen dira. “Pentsatzen dugun baino arbola mota gehiago ditugu herrian eta inguruetan”, diote. Argazkiekin batera, zuhaitz horien ezaugarri asko azaldu eta datu bitxi batzuk ematen dituzte.