Ekimen solidarioa

Galdakaoko boluntarioek materiala egingo dute ospital eta egoitzentako

20.04.2020 | 17:39

GALDAKAO. Koronabirusaren krisia hasi zenetik, Galdakaoko La Jostura lantegiko jostunak buru-belarri dihardute material sanitarioa egiten. Oraingo honetan Galdakao-Usansolo Ospitalera eta Galdakaoko adinekoen egoitzetara bideratuko diren 500 isolamendu-mantal egiten ari dira. Banaketa Galdakaoko boluntarioen sareak egingo du.

Hau izango litzateke osasun krisialdi hau hasi zenetik, jostun hauek ospitalera bidaltzen duten mantalen hirugarren bidalketa. Lehenago, 40 mantal josi zituzten ebakuntza-gelako izarak erabiliz; eta gero beste 47, Basanderek, Aperribaiko Emakumeen Elkarteak, emandako materiala prestatuz.

Ekimen hau eta beste batzuk, koronabirusak eragindako egoerari elkarlanean aurre egin eta herritar zaurgarrienak babesteko helburuz, Galdakaoko Udalak herriko gizarte eragileen zein herritarren laguntzarekin sortutako sareari esker ipini dira martxan.

Gaur arte, ia 300 bolondresek eman dute izena beharra dutenei oinarrizko zerbitzuak helarazteko sare herritarrean. Herritar horiek hainbat zerbitzu ematen ari dira, udalarekin eta GBGE Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartearekin koordinatuta.

Galdakaoko Udala harro dago bizi dugun egoera zailaren aurrean denetariko eragile eta herritarrek erakutsitako prestutasunarekin. Zinez eskertu nahi die eskainitako laguntza, horietako bakoitzari eta oraingo honetan bereziki, La Josturako jostunei eta Basandere elkarteari.

Bolondres sarean parte hartu nahi dutenek edota eskaintzen ari diren zerbitzuak behar dituztenek, horretarako beren beregi prestatu diren bideetatik egin ahalko dituzte eskaerak: telefonoz, 688 71 93 04 zenbakian edo emailez, zaindugaldakao@galdakao.net helbidean.

noticias de deia