GALDAKAO. Koronabirusaren krisiak kalte handiak eragingo ditu gizartean, pertsona zein familia asko eta asko afektatuz, bai osasunaren aldetik eta baita esparru ekonomikoan ere. Horregatik, Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialak bereziki larriak diren isolamendu egoeretan dauden pertsonentzat bideratutako doako zerbitzua abiarazi dute, Larrialdietan eta Hondamendietan Esku Hartze Taldeko kide eta elkargokideek eskainiko dutena.

Kalteberatasun egoera larrian dauden pertsonek zerbitzua eskatu ahal dute psikobizi.bizkaia@cop.es helbide elektronikora idatziz edota 686202918 zenbakira whatsapp-a bidaliz.

Bizkaiko Psikologoen Elkargoak, Larrialdietan eta Hondamendietan Esku Hartzeko Taldearen bitartez, lehen sorospen psikologikorako PSIKOBIZI zerbitzua eskaintzen du. Doako zerbitzu honen helburua kalteberetasun psikologiko bereziko egoerak bizitzen ari diren pertsonak laguntzea da.

Zerbitzua da batez ere: bakarrik dauden pertsonentzat; egoera bereziak bizi izan duten adingabe eta familientzat; genero-indarkeria arriskuan dauden andreentzat; eta, orokorrean, osasun-larrialdi egoera honen ondorioz bizitzen ari garen gizarte-konfinamendu neurriengatik arazo psikologikoak izan ahal dituzten pertsonentzat.

Bizkaiko Psikologoen Elkargoak dionez zerbitzua segurtasun eta pribatutasun berme guztiekin egiten da, eta erabiltzaileek arreta ziurrena eta onena jasoko dute.

Azkenik, Galdakaoko Udalak eskerrak eman dizkie, modu batean edo bestean laguntza ematen ari diren herritar guztiei, ta kasu honetan, Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialeko kideei.