Basauri - Pariseko Cité Internationale des Artsen lau hilabeteko egonaldia pasatzeko aukera emango du aurten ere Otaola Bekak. Izena emateko epea zabaldu da parte hartu nahi duten artista guztientzat. Beka Otaola familiak finantzatu, eta Basauriko Udalak eta Kultur Basaurik kudeatzen dute. 1990. urtean hasi zen beka ematen, eta bere helburu nagusia, arte plastikoen eremuko prestakun-tzan eta sorkuntzan lagun-tzea da.

Atzo ireki zen deialdian izena emateko epea, eta EAEn bizi eta Beka jaso nahi duten artistek, Basozelai Gizarte Etxean (Basozelai 11, 48970 Basauri) aurkeztu beharko dute eskabidea, 2020ko maiatzaren 8a baino lehenago. Duela bi urtetik hona, beka nazioartera zabaldu da. Zentzu honetan, berrikuntza esanguratsu bat du Otaola Bekak: Pariseko Cité Internationale des Arts-en lau hilabeteko egonaldia eskaintzen du, artista bekadunak bertan gara dezan deialdira aurkeztutako proiektua.

"Munduko artista-egoitzarik handiena da Cité. Bi zentro ditu Parisen, eta jatorri eta diziplina guztietako 1.200 artista hartzen ditu urtero. Artisten arteko topaketak eta trukeak sustatzea bilatzen dute, eta, horren bidez, sormena bultzatzea", azaldu zuten atzo aurtengo edizioko aurkezpenean. Bekaren edizio berria aurkezteko prentsaurrekoan Asier Iragorri Basauriko alkatea, Pablo Otaola familiaren ordezkaria eta María Larrinaga, Kultura zinegotzia egon ziren.

Irailetik aurrera, artista irabazleak lau hilabete emango ditu Pariseko Cité Internationale des Artsen, eta, egonaldi horretan zehar, egoitza- eta ikasketa-gastuak ordainduta izango ditu. Gainera, 3.600 euros emango dizkiote bere kontuetarako. "Egonaldia amaitzen duenean, egindako lanari buruzko memoria (bisuala eta idatzia) aurkeztu beharko du bekadunak. Kultur Basaurik bere lokaletan erakutsi ahal izango du saritutako lana". Bestalde, "irabazleak udalerriko ikastetxe edo kultur etxeetan jarduera artistiko bat egin beharko du (hitzaldiak, tailerrak?), gazteenei arte garaikidea ezagutzera emateko, etorkizuneko publikoa hezteko, balizko publikoarengana hurbiltzeko eta, finean, bestelako kultura-bizipen bat eskaintzeko".

Epaimahai batek hautatuko du sariduna. Basauriko alkatea, Kulturako zinegotzia, Iker Serrano (Kultur Basauri), Bénédicte Alliot (Citéko zuzendari nagusia), Petra Joss (Guggenheim Museoko erakusketa-komisarioa) eta Miren Arenzana (Beka jaso zuen lehenengo artista eta Gure Artea Saria 2019) hartuko dute parte epaimahai honetan, eta Fernando Nieva (Kultur Basauri) izango da idazkaria.