GALDAKAO. Galdakaoko udalbatzak argi berdea piztu dio Usansolo herri bihurtzeko prozedurari. Proposamenak udal gobernua osatzen duten EH Bildu, Auzoak, Podemos eta Usansolo Herria taldeen aldeko 12 botoak eta oposizioko EAJren 6 botoak jaso zituen. Hau izan da Usansolo herri bihurtzeko lehenengo urratsa.

Hain zuzen, foru arauak balizko segregazio kasuetarako aurreikusten duen bidea da udalak hasi duena. Lege eta arauek zehazten dituzten pausoak emateko erabakia hartua du, Usansolok egiten duen hautua benetan gauzatu dadin ziurtatzeko.

Batzorde mistoa eratzea da hartarako egin beharreko lehen gauza, eta nola egingo den erabaki da dagoeneko. Honakoek osatuko dute batzorde mistoa: Galdakaoko Udalaren aldetik udaletxeko idazkari nagusiak, Iñigo Hernando alkateak, eta EH Bilduko zein EAJko zinegotzi banak parte hartuko dute batzordean. Banatu nahi duen gunearen aldetik, hau da, Usansoloren ordezkari gisara, EAJk izendatutako ordezkari bat eta Usansolo Herriak izendatutako bi arituko dira, udal hauteskundeetako emaitzak errespetatuta.

Lehen lan gisara, datozen hilabeteetan egin beharreko txostenen jarraipena egingo du batzorde horrek. Izan ere, lau hilabeteko epean -beste bi hilabeteko luzapena izan lezake- hainbat txosten aurkeztu beharko dira Bizkaiko Foru Aldundian; besteak beste, bideragarritasun ekonomikoari buruzkoa eta Usansolo Galdakaotik bereizteak ekarriko lituzkeen eraginei buruzkoa.

Langa guztiak gainditzekotan aldundira eta Batzar Nagusietara ere iritsiko litzateke auzia, ondoren Galdakaoko udalbatzara itzultzeko. Beste hainbat urrats eginda, usansolotarrek zer nahi duten erabakitzeko galdeketa antolatuko litzateke ondoren. Udal gobernuak bere eskuetan duen guztia egingo du usansolotarren erabakia errespetatu eta gauzatu dadin oinarrizko ariketa demokratiko gisa, arauek markatutako gardentasuna mantenduz.