Basauri - Hitz-Erdiko Kontaketak, euskarazko ipuin laburren lehiaketaren edizio berria ireki dute Basaurin. Lehiaketa Zir-tZart Basaurik, Basauriko Udalaren Gazteria Ataleko programak antolatzen du eta urtarrilaren 20tik martxoaren 20ra bitartean jasoko dituzte euskarazko ipuin laburren lehiaketa honen 2020ko ediziorako lanak.

Antolakuntzatik azaltzen den moduan, "Serendipia itxaropenari lotua?" izango da abiapuntua. Hau da, esaldi horretatik hasita, "gehienez ere ehun hitzeko kontakizuna idatzi beharko dute parte-hartzaileek". Parte hartu nahi duten pertsonek "mikrokontakizun bat idatzi beharko dute, gehienez ere ehun hitzekin". Antolatzaileek ematen duten esalditik abiatuta, "bakoitzak hautatuko du bere kontakizunaren gaia. Bakar-bakarrik onartuko dira euskaraz idatzitako mikrokontakizunak".

lan bat baino gehiago Hala ere, "nahi adina kontakizun aurkeztu ahalko ditu parte-hartzaile bakoitzak, 2020ko urtarrilaren 20tik martxoaren 20ra bitartean, zirtzart.basauri.eus webgunearen bitartez". Beraz, parte hartzeko aukera bat baino gehiago izango dute, nahi dituzten lanak aurkezteko aukera ireki delako. 12-35 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekimen horren helburua, idazmenean interesa dutenen talentua aurkitzea da. Bi sari banatuko dira, alde batetik Kontakizun onenaren saria (400 euroko bonua jasoko du) eta Elkar saria (150 euroko bonua).

Baina bigarren sariaren kasuan, "12-17 urte bitartekoen proposamenak baino ez dira aintzat hartuko". Sarituriko bi mikrokontakizunak Geuria aldizkarian argitaratuko dira. Aurtengo edizioan, eta "nobedade gisa, deialdi bakarra izango du lehiaketak". Iaz 83 proposamen jaso zituen antolakuntzak eta Iñaki Ereño Bengoa bilbotarra izan zen irabazlea, eta Lore Isuskiza Ruiz gazte basauriarrak bereganatu zuen bigarren saria. -