gALDAKAO - Udal basoen gaineko diagnosia eskatu dio Galdakaoko udalak aldundiari. Azaldu duten bezala, "lur eremu zabala eta askotarikoa du Galdakaok eta, tartean, asko dira dituen mendialde eta basoak". Lur horien kudeaketa ahalik eta egoki eta iraunkorrena izan dadin, "egoerari buruzko informazio zehatz eta osatua nahi du udalak".

Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundira jo du, "udal lurren kudeaketa aldundiaren esku dagoelako". Diagnosi hori eskuratzeko ideiarekin, "ea 2018tik lur horien inguruko diagnosirik egin duen galdetu dio udalak Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailari".

Diagnosiren bat eginda baldin badu, zer elementu aztertu dituen zehazteko eskatu dute ere. Horrela, alde batetik, "ea alor ekologikoa kontuan hartu den, alegia, bioaniztasunari, CO2 metaketari, hondakinei eta an-tzeko elementuei erreperatu zaien". Beste alde batetik, "lur horiek aisialdirako erabiltzen diren azaltzeko ere eskatu zaie", azaldu dute udal gobernu taldetik. Horrela, "ibilbideak dituzten, kirola egiteko prestatuta dauden edo aisialdiari lotutako azpiegiturak dituzten" jakingo da hurrengo pausoak emateko ideiarekin. Eta hirugarrenik, ekoizpenerako erabiltzen diren ere zehazteko esan dio udalak, "egur aprobetxamendurako edo beste aprobetxamendu ba-tzuetarako erabiltzen diren lur horiek", hain zuzen ere. Egoeraren diagnosi zehatza eskuartean izanda, baso lurrak ahalik eta egokien kudeatzeko neurriak hartzea da ekimenaren helburua.

Udal baso hoiek eta lur eremu desberdinen kudeaketa zuzena egin nahi du udalak, eta lehen aipatu den bezala, udalerriak dituen lur eremu zabalak, mendialde eta basoak ondo kudeatzea ezinbestekoa da etorkizunari begira, baita jarduera desberdinak antolatzeko ere, lur horiek eskaintzen duten aukerei ere begiratuz.