GALDAKAO. Pasaden ostegunean, hilak 17, Galdakaoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak batzar bat izan zuten. Bilera horretan, beste gai batzuen artean, Galdakao eta Etxebarriko metro-geltokia lotzen dituen lanzadera izateko premia izan zen, Galdakaok metro-geltoki propioa izatea eskatzeaz gain.

Autobus geltokietan estalkiak jartzeko eskaerari dagokionez, aldundiak bi gune garrantzitsutan markesinak jarriko ditu. Bizkai kaleko 94. zenbakiko geralekuan "berehala" ipiniko du markesina aldundiak. Boluetan jarriko du beste estalkia; metroarekiko lotunea den geltoki horrek ez baitu inolako babesgunerik. Urtea amaitu baino lehen Boluetako geralekuak markesina izango duela agindu du Martinezek.

Albiste ona da hori galdakoztarrentzat, baina ez nahikoa. Geraleku gehiagotan ere badago markesina beharra udalaren ustez, eta zortzi zerrendatu dizkio aldundiari. Aldundiak, ordea, zailtasunak dituela argudiatu, eta herrian estalki bakarra jartzeko konpromisoa soilik hartu du. Gainontzeko geralekuetako gabezien aurrean, konponbidea berak bere kasa ematea erabaki du Galdakaoko Udalak: aldundiaren betebeharra den arren, udalak berak jarriko ditu Galdakaon beharrezkoak diren gainontzeko markesinak, herritarrek gutxieneko babes bat izan dezaten. 2020ko aurrekontuetan horretarako partida bat gordeko du.

Metrorako lotura egiten duen autobus zerbitzua hobetzeko premian indar berezia egin du Galdakaoko Udalak. Egun Boluetaraino doan lanzadera-ren geralekua Etxebarriko metro geltokian egon dadila etengabe eskatu izan dute galdakoztarrek. Liskar iturri ere izan da azken urteotan. Baina auziak badu konponbide erraz bat; konponbide merke eta egingarri bat. Halaxe azaldu dio alkateak aldundiari.

Proposamen berri bat egin du Galdakaoko Udalak: autobusak Baskoniako zubitik sartzea Etxebarrira. Arcelorreko lurren ertz batetik igarota, berehala leudeke autobusak metro geltokian, herritarrei kalterik sortu gabe. Etxebarriko Udalak badu proposamen horren berri. Baita Arcelorrek ere. Eta ez dute aterik itxi.

Aukera hori baliatu dezala eskatu dio, beraz, Galdakaoko Udalak aldundiari: Arcelorrekin bide-zor bat adostu dezala autobusak bertatik igaro ahal izateko, eta azken urteetan liskar iturri izan den auzia konpontzeko. Erraza da konponbidea; merkea, egingarria, eta guztientzat onurak ekarriko lituzkeena. Gainera, horrela, auzitegien epaia beteko luketela gogoratu dio udalak aldundiari, epaiak konponbide adostua agindu baitzien Galdakao eta Etxebarriko udalei eta Bizkaiko Foru Aldundiari.

Metroa Galdakaora iristeko eskaerari dagokionean, Euskal Trenbide Sarearen eskariz Sener enpresa egiten ari den azterketan bi alor kontutan hartzearen garrantziaz ohartarazi du udalak aldundia. Batetik, egiten ari den azterketa osoa fase bakarrean egin dadila eskatu du udalak, eta azterketa horrek Aperribai eta Bengoetxeko geltokiak ere barnebildu ditzala, gaur egun aurreikusitako azterketak kanpoan uzten baititu. Bestetik, prozesu parte hartzaile bat ere eskatu du udalak; herritarrek hitza eman ahalko duten prozesua.

Bidean aurrera egiteko, eskaera horiek Euskal Trenbide Sareari ere aurkeztuko dizkio udalak.