Galdakao - Berriro ere Galdakaok emango die ahotsa estaturik gabeko herrialdeei. Musikaren bitartez egingo du, Musika Bizian jaialdiaren seigarren edizioan. Jaialdia urriaren 25 eta 26an ospatuko da Galdakaon, eta Man Uhartea, Frisia, Eskozia eta Euskal Herriko taldeak egongo dira aurtengoan. Atzo goizean aurkeztu zuten jaialdia Bilboko Euskal Museoan, eta bertan izan ziren jaialdiaren sustatzaileak (Galdakaoko Andra Mari dantza-taldea) eta babesleak; Lorea Bilbao Kulturako Foru Ahalduna, Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean, eta Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea.

Esan beharra dago, Musika Bizian jaialdia Estaturik gabeko herrialdeetako musikari eskainitako jaialdi bakarra dela eta gero eta ikus-entzule gehiago erakartzea lortu du jaladiak. Kontzertuei dagokionez, Man Uharteko, Frisiako, Eskoziako eta Euskal Herriko taldeak arituko dira jaialdian; Mec Lir (Man Uhartea), Baldrs Draumar (Frisia), Skipinnish (Eskozia) eta Alboka eta Modus Operandi (Euskal Herria). Ostiralean, urriaren 25ean, eta larunbatean, 26an, 21:00etatik aurrera egingo dira kontzertuak.

Luthier azoka Jaialdiari loturiko beste jarduera batzuk ere izango dira bi egun horietan. Gainera, aurten, antolakuntzatik dioten bezala, “ahalegin handiagoa egin nahi izan eta Luthier azokari garrantzia gehiago emanez”. Horrela, musika-tresna tradizionalen fabrikazioan espezializatuta dauden luthierren erakusketa handi bat egongo da. Bertako Osses (Otazu) Jotzen (Zeanuri), Katxarrismos (Portugalete), Sospalak (Lemoa), Jose Adarrak (Zumaia) eta Ezpela (Berriozar) artisauekin batera, “lehen aldiz Sardiniako (Andrea Pisu eta Giancarlo Seu), Okzitaniako (Yan Cozian) eta Galiziako (Carlos do Viso) ordezkariak” etorriko dira.

Gainera, Taberna Ibiltaria eta Galiziako Xistra de Coruxo taldea “arduratuko dira Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak Iturrondo plazan antolatzen duen jaialdiko kaleko animazioaz”. Kontzertuetan, baita azokan ere sartzeko sarrera librea eta doakoa izango da bi egunetan.