GALDAKAO. Inplikatutako erakunde hauek elkarlanean aritzen diren lehen aldia da. Estreinakoz elkarrekin publikoki egindako aurkezpen honetan manifestu hau irakurri dute:

"Kalera atera gara, gureak ere badiren kale hauetara, astebete barru jendez beteko diren kaleetara; herriko instituzio nagusia eta herri mugimenduak, eskutik helduta, elkarlanean: Galdakaoko Udala, Jai Batzordea, Txosna Batzordea eta mugimendu feminista.

Argia da helburua: eraso matxistei aurre egitea. Erasoak saihestea da xede nagusia; gure herrian eraso matxista bakar bat ere ez egotea. Baina zoritxarrez, prestatuta ere egon behar dugu. Eta bagaude. Emakumeren batek eraso matxistaren bat jasaten badu, gure besoak zabalik topatuko ditu behar duenerako. Antolatu gara dagoeneko horretarako. Elkarlanean, guztioi dagokigun zerbait delako.

Indarkeria matxista sistema patriarkalaren ondorio zuzena da; gizartearen arazo estrukturala. Hortaz, indarkeria hori salatzeak sistema bera kuestionatzen du. Bide hori egin nahi dugu: parekidetasunean oinarrituko den gizarte eredu baterako bidea.

Agerikoa da norabide horretan urratsak egingo badira guztion artean egingo direla. Horregatik elkarrekin aritzearen garrantzia, eta horregatik ari gara elkarlanean hemen bildu garen eragile guztiak. Hemen ditugu udalaren izenean Iñigo Hernando alkatea bera, Laura Pinto Aukera Berdintasunerako teknikaria, Karmele Zabala Gizarte Ekintzarako psikologoa, eta ni neu, Nerea Orozko, Berdintasunerako zinegotzia. Bertan ditugu, baita ere, Jai Batzordeko June Oleaga eta Txosna Batzordeko Olatz Isasi; eta mugimendu feministatik, Momoak taldeko Janire Markina eta Erabideko Miren Alapont. Elkarlanean landu ditugu eraso matxisten aurka jaietarako neurriak lehen aldiz, eta hargatik aurkezten gara elkarrekin publikoki, estreinakoz.

Prebentzioa da erasoak saihesteko modu bakarra eta lan horretan dihardugu, egunez egun, formazioa oinarri. Erasoren bat gertatuko balitz, erasoa jaso duenari arreta integral, arin eta egokia emateko konpromisoa hartu dugu. Horretara bideratuko ditugu gure indarrak eta Udalaren baliabideak.

Integrala izan behar du arretak. Gizarte zerbitzuetatik gertuko laguntza emango zaio biktimari lehen unetik azkenera, tramite guztiak amaitu arte. Ondoan izango gaitu biktimak, erasoari lotutako prozedura guztia burutu arte.

Arreta berehalakoa izan dadin, erasotuak laguntza lehen unetik izan dezan, telefono bat egongo da martxan jaiek irauten duten egun guztietan, eguneko 24 orduetan: 688 719 304. Eraso matxistak jasan dituztenak artatzen aditua den psikologoa egongo da telefonoaren bestaldean, uneoro. Biktimari aholkuak emango dizkio telefonoz, eta erasotuak aurrez aurreko laguntza behar badu harenganaingo joango da beharrezko laguntza emateko prest.

Udaltzaingoa ere biktimaren zerbitzura jarriko da eta abisua jaso bezain laster hari laguntzeko zeregina izango du. Honakoa da Udaltzaingoaren telefonoa: 94 401 05 05. Gogoratu 112 larrialdi zerbitzua ere erabilgarri dagoela.

Erasoak izateko arriskua gutxitzeko helburuarekin, auzoen arteko autobusen zerbitzua ere jarriko du martxan Udalak. Emakumeen kontrako eraso matxistak saihestea da neurriaren helburu nagusia, baina edonork erabili ahal izango du zerbitzua. Jaietako bi ostiral eta larunbatetako gauetan izango da erabilgarri, 01:00etatik 07:00ak bitartean. Herri erdigunetik orduro abiatuko da autobusa (Juan Bautista Uriarte 30), eta Urreta, Bengoetxe, Aperribai, Arkotxa, Zuhatzu eta Usansolo lotuko ditu.

Erasoren bat gertatuko balitz, protokolo oso bat prestatua du Udalak, biktimari babesa ematea helburu nagusi duena. Horrez gain, salaketa egiteari begira, Jai Batzordeak eta Txosna Batzordeak ere badute bere protokolo propioa."