Galdakao - Galdakaoko jaiak hasteko zortzi egun baino ez dira gelditzen. Gutxinaka nabari da herria festan murgilduta egongo dela hamar egunetan zehar, eta atzo, 2019ko Santakurtzak iragarriko dituen kartelaren aurkezpena egin zuen Galdakaoko Udalak. Hirugarren urtez, Borja Sanchez galdakoztarraren kartela irabazi du aurten ere. Guztira, 22 kartel aurkeztu dira, aurreko urtean baino 10 gehiago. Kartel irabazlea aueratzeko orduan, asko izan dira kontuan hartu diren xehetasunak.

Ibon García kultur zinego-tziak atzo azaldu zuen bezala, Sanchezen lana, Balkoitik festara begira, “zenbait mailatan prestatu du, eta horrek ikuspegia eta sakontasun ematen dizkio eszenari; horretarako, gorri eta berdeen gama ezberdinak erabili ditu. Jaietako oso une garrantzitsu bat hartu du osagai nagusitzat: txupinazoa, udaletxeko balkoitik begiratuta, herriari -galdakoztarrei- eta pregoilariei protagonismoa ematearren”.

Bigarren sailkatu bezala Arkaitz Aranguren gelditu da eta lehen galdakoztarraren kartel irabazlea Josune Martinezen lana izan da. Txikien kategorian, Uxue Ferreiro saritu dute. Irabazlearen hitzetan, “hiru urtez jarraian irabaztea ez da batere erraza, eta zorte handi eduki dudala uste dut”. Sanchezek azaldu zuen moduan, “urtero teknika aldatzen dut kartela aurkezteko momentuan, eta aurten gainera zalantza asko eduki ditut, uste nuelako ez nuela denborarik edukiko”. - I. U.