Igorre - Andere Ortuzar izango da Arratiako Udalen Mankomunitateko (AUM) Lehendakaria hurrengo lau urteetan. Joan den asteazkenean, erakunde honetako osoko bilkurak Igorreko Udalean, EAJ-PNVren zinegotzi den Ortuzar aukeratu zuen lehendakari berria izateko.

Mankomunitatearen osoko bilkuran hiru alderdi daude ordezkatuta Mankomunitatearen osoko bilkuran. EAJ-PNV, EH Bildu eta Ubideako Herri Kandidatura. Zentzu honetan, EAJ-PNVk hamar ordezkari dauzka, EH Bilduk bederatzi eta Ubideako Herri Kandidaturak, bakarra. Igorren ospatutako batzarrean hautagaitza bi aurkeztu ziren: alde batetik Andere Ortuzar eta besteti, Saioa Elejabarrieta (EH Bildu).

Biek lortu zituzten hamar boto, eta horregatik, Arratiako Udalen Mankomunitatearen Estatutuen 8. artikulua aplikatu behar izan zen. Horrela, hautaketa finala botu idatzi eta isilpeko bakar baten bidez egin zuten. Hemen, boto gehien dauzkan hautagaia izan ohi da lehendakari, baina bozkatzerako orduan berdinketa bat egon zen.

Berdinketa bat ematen bada, “mankomunatutako udalerrien multzoan boto kopuru handiena lortu duen alderdi politikoaren edo hauteskunde talde edo koalizioaren ordezkaria izendatzen da lehendakari”, diote erakunde honetatik.

Zentzu honetan, EAJ-PNV denez udalerrien multzoan boto gehien jaso dituen alderdia (3.703 boto), Andere Ortuzar aukeratu zuten lehendakari. Arratiako Udalen Mankomunitatea Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa, Ubide eta Zeanurik osotzen dute, gutxi gorabehera 206,70 kilometro karratuko azalera dauka, eta 13.500 biztanle dauzka guztira, herri guztien biztanleak batzen badira. - I. Ugarte