Arratia-Nerbioi

Galdakaoko inkesta musikala abian da

Udalak herritarrei galdetuko die aurten ere festetako kontzertuen kartela erabakitzeko

09.02.2020 | 05:23
Galdakaoko inkesta musikala abian da

Galdakao - Galdakaoko udalak , web-orriaren bidez, herritarrek nahiago dituzten musika-taldeei buruz galdetuko die aurten ere. Ideia, erantzun horien bitartez jaietarako kartela prestatzea da. Horrela egiten da urtero eta "herritarren parte-hartzea erabakigarria izaten da azken aukera hartzerakoan", diote udaletik.

Galdakaoko aurtengo festetan lau kontzertu egongo dira. Horietatik, herritarrek web-orriaren bitartez parte hartuz, "hiru eguneko musika-kartela aukeratuko dute, hilaren 21a, zapatua, kartelaren talde nagusia gordez, Galdakaoko udalak aukeratu eta erreserbatu dauena". Hain zuzen ere, egun horretako musika eskaintza, kartelaren goiburua izango da.

"Parte hartu ahal izateko, udalaren web-orrian zabaldu den inkesten kanalaren bidez (www.galdakao.eus) egin daiteke, Inkestak: Zure iritziak axola digu epigrafepean". Interneten sartzerik ez dutenek Esan bulegoan bozkatu ahal izango dute baita ere.

Inkesta honetan "gutxieneko zorroztasuna bermatzeko", ezinbestekoa da identifikatzea, datu batzuk aurkeztea izango da ezinbestekoa beraz, boto bakoitza balidatzeko (Udalak datu horien konfidentzialtasunaz arduratzen da). Proposamenak aurkezteko epea ekainaren 16an amaitzen da eta inkesta atzo bertan hasi zen. Ondoko itaunak planteatzen ditu inkestak: Aukeratu bat egun bakoitzeko: Zer musika-taldek nahi duzu jotzea ostiralean, irailaren 13an (Tributu banden eguna); Oxabi, Leña al mono (Tributu Leño), Malas compañias (Tributu Joaquín Sabina). Bigarren galdera irailaren 14an izango den kontzertu erabakitzeko da. Egun horretan Martires del compas, Tremenda jauria, Obus edo Juantxo skalariak & la rude band taldeen artean aukeratu beharra dago.

Hurrengo eguna irailaren 20a da, eta Eskean kristo+Itziarren semeak, Governors+Enkore edo Ane Guria+Suaia eta Ama rebelen artean dago bozkatzeko aukera. "Herritarrek parte hartzeko bide honetan, gai desbardinei buruzko inkestak egiten dira udaletxetik, herritarrek eretxia emon eta gai desberdinei buruzko iradokizunak jaso ahal izateko", diote. - I. U.