BILBO. Galdakaok lotura-linea geraleku berria izango du metroaren Boluetako geltoki ondoan datorren astelehenetik. Geraleku berria irisgarriagoa da eta errazagoa ikusten da. Iada amaituta daude Miraflores etorbideko 28ko bi dartsenak (bi norabideetakoak), trenbidearen beste aldean daudenak, egokitzeko lanak.

A3932 GALDAKAO - Metroa-Bolueta lineako geraleku berria 35 metro luze da; beraz, linea honetako autobusek ibilbideko terminal gisa erabiliko dute (bai joanean, bai etorrian) eta, gainera, tarteko geraleku modura erabili ahal izango dute honako beste hiru linea hauetako autobusek: A2610 Galdakao-Basauri-UPV/EHU; A3622 Bilbo-Basauri-Zaratamo; A3613 Bilbo-Ugao Miraballes. Nahiko leku dago autobusak zirkulazio-erreitik irten eta maniobrak segurtasunarekin egiteko.

Gainera, errazago ikusten da, argi gehiago dauzka eta erabat irisgarria da, espaloia gurpil-aulkian eta ume-kotxearekin ibiltzeko behar bezain zabala da. Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak Boluetan egin dituzten urbanizazio-obrei esker lehen industriagunea zena etxebizitza-gunea da gaur egun; gainera, pertsona eta ibilgailuen zirkulazioa bermatu da, eta horri esker Bizkaibus erabiltzen duten pertsonak seguruago ibiliko dira.

Horrela, azken urteotan Bizkaiko garraio publikoan izan diren arazo korapilotsuenetako bat konpondu da. Konponbidea Bilboko Udaleko Obra eta Zerbitzuetako Atalaren eta Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Atalaren arteko lankidetzaren eskutik etorri da, berek finkatu baitute non egongo den lotura-lineako geraleku berria.

Zerbitzua orain arte bezala egingo da (maiztasuna, doakotasuna, ibilbideak).