Galdakao - Galdakaoko Udalaren Euskara Zerbitzuak euskeraren erabilera sustatuko du ikasgeletan. Horretarako, pertsona ospetsuak, Oihan Vega musikari eta aurkezlea, baita Jon Arretxe idazle, besteak beste, Galdakaoko ikastetxeetara joaten ari dira helburu hori lortzen laguntzeko. Ikastetxeetan solasaldian programaren bitartez, ikasgeletan euskeraren erabilera handitzea lortu nahi da, baita kalean ere. “Ekimen honek hamalaugarren edizioa beteko du aurtengoan eta Galdakaon martxan jarri den Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan Orokorraren barruko ekimenetan kokatzen da”, diote Udaletxetik.

“Iaz egin zen bezala, aurtengoan ere, programa beste pertsona esanguratsuengana ere zabaltzen da. Oihan Vegak 2016an parte hartu zuen eta aurtengoan ere bat egin du urtez urte ikastetxeetan onarpen duen ekimen honekin”. Zentzu honetan, eta programari jarraitasuna emateko asmoarekin, datozen hilabetetan, besteak beste, Pello Añorga, Antxon Irusta, Rosa M. Martínez, Leire Bilbao, Esti Vivanco, Miren Agur Mebe eta Harkaitz Cano ere egongo dira Galdakaoko ikasgeletan programa honen barruan. Programa interesgarri honen helburua, azken finean, hizkuntza honen erabilera ikasle galdakoztarren egunerokoan bultzatzea da. - I. Ugarte