BILBO. Arrigorriagako Udaleko gobernu-taldeak dio herri segurua dela. Gobernu-taldeak delinkuentzia-tasa baxua islatzen duten datuak aurkeztu ditu.

Asier Albizua alkateak, Asier Agirre Giza Baliabide eta Herritarren Segurtasuna saileko zinegotziak eta Raúl López Udaltzaingoaren buruak amaiera eman nahi izan diote ustezko larrialdi-egoerari; izan ere, hedabideetan, plataforma digitaletan eta sare sozialetan herriko gune jakin batean egon diren etxebizitza-lapurretei buruzko informazioa hedatu da.

Arrigorriaga bigarren mailan dago (sei dira guztira) mila biztanleko delitu-kopuruari dagokionez, eta, 10.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerrien artean ere seguruenen artean dago. Bizkaiari dagokionez, Galdakao da seguruenen artean hirugarrena, 25,22ko indizearekin 1.000 biztanleko. 2017an (datu ofizialak jaso ziren azken urtea) erregistratu ziren 2.524 jazoeretatik 109 gertatu ziren Makua, Padura, Santo Cristo, Landarraga eta Arandiak osatzen duten eremuan, hau da, udalerri osoan erregistratutakoen % 4. Udaltzaingoaren arabera, 2018an 73 jazoera gertatu ziren (% 2,99); beraz, udal-arduradunek uste dute ez dela zentzuzkoa baieztatzea Makua ez dela gune segurua.

73 jazoera horietatik, soilik % 1ak du lotura etxebizitza-lapurretekin. Zehazki, 2018an 15 etxebizitza-lapurreta egon ziren, eta 3 bakarrik gertatu ziren aipatutako gunean, nahiz eta eraikin mota hori erakargarriagoa den lapurrentzat. 2019an beste hiru lapurreta egon dira, baina alkateak adierazi du urtean zehar gertatu daitezken lapurretak direla, eta beti indartzen dituztela segurtasun-neurriak egoera horiei aurre egiteko.

Alde horretatik, alkateak eta zinegotziak Udaltzaingoaren eraginkortasuna azpimarratu dute, urteko 365 eguneko eta eguneko 24 orduko presentziarekin eta beste indar polizialekiko koordinazio estuarekin. Raúl Lópezek jakinarazi zuen urtarrilaren 7an 4 pertsona atxilotu zituztela Sopelan, Makuan eta beste udalerri batzuetan gertatutako lapurreten harira; izan ere, “arazo globala” baita. Urtarrilaren 31n beste atxiloketa bat burutu zen Arrigorriagan, eta otsailaren 12an Ertzaintzak beste pertsona bat atxilotu zuen Gernikan, lapurreta horiekin zerikusia zuena.

Nahiz eta ez duten arrazoirik ikusten “aztoramendu soziala” eragiteko, udal-arduradunek segurtasuna indartzeko neurrien berri eman nahi izan zuten: horietako batzuk jada aurreikusi eta aurrekontuan gehitu ziren. Polizia-zainketaz eta presentzia fisikoaz gain, prebentziozko zainketa areagotuko da udalerri osoan, sarrera- eta irteera-kontrolekin eta matrikula-irakurketekin bai herrigunean eta bai Abusun. Gainera, zainketa-kontrolerako zentro bat irekiko dute Udaltzaingoaren egoitzan, eta kamera-sarea zabaldu eta berrituko dute mugikortasun handiko guneetako zainketa indartzeko