Datorren asteazkenean, uztailaren hasierarekin batera, Durangoko Udalak martxan jarriko du autobus-zerbitzu berria, proba pilotu batekin. Hilabete osoan zehar egongo da abian, eta denbora horretan Udalak zerbitzuaren erabilera aztertuko du, zerbitzua behin betiko ezartzeko aukera baloratzeko.
Alde horretatik, probaldian zehar zerbitzua doakoa izango da astelehenetik ostiralera, eta bi ordutegi izango ditu, goizez 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 16:30etik 21:00etara. Halaber, maiztasuna 40 minutukoa izango da, kontuan hartuta udalerriko ibilbide osoa osatzeko gutxi gorabehera 27 minutu behar direla.
Ibilgailuaren ezaugarriei dagokienez, autobusak 49 eserlekuko edukiera du, 24 pertsonarentzako zutik joateko lekua eta mugikortasun urriko pertsonentzat erreserbatutako bi gune. Horrela, erabiltzaile guztientzat irisgarritasun eta erosotasun egokiak bermatzen dira.
Ibilbidea
Bestalde, hasierako fase honetarako diseinatutako ibilbideak hamahiru geltoki izango ditu, udalerrian zehar banatuta. Ibilbidea Madalenan hasiko da eta ondoren Olleria, Faustekalea, Zirarmendieta eta Larrasoloeta igaroko ditu, Gerediaga eraikinaren eta Durango Irratiaren ondoan. Jarraian, autobusa Zumar kalerantz joango da eta Tabira ingurura iritsiko da, zehazki Bizkaibuseko egungo geltokira Ibaizabal inguruan. Biribilgunea inguratu ondoren, ibilgailua Tabira kalera sartuko da igerilekuetaraino eta handik herrigunera itzuliko da Gasteiz Bidetik Kurutziagarantz. Azkenik, ibilbideak Otamotzena Aramotz, Sasikoa eta Fray Juan de Zumarraga aldera jarraituko du institutuaren aurrean eta berriz ere Madalenara.
Era berean, bi geltoki egokitzea aurreikusi da, mugikortasun urriko pertsonentzako plataforma espezifikoak instalatuz. Jarduketa horiek aldi baterako eremu horietako aparkaleku plaza batzuk kentzea ekarriko dute, zerbitzuaren irisgarritasun unibertsala bermatzeko.
Zerbitzu pilotu hau martxan jartzeak 14.658 euroko kostua izango du. Horrez gain, 17.470 euroko inbertsio gehigarria egin da azpiegitura egokitzeko, geralekuak pintatzeko eta seinaleztatzeko lanetarako.
Adierazpenak
Mireia Elkoroiribe alkateak adierazi duenez, hiri autobus hori martxan jartzeak “aukera ematen du, lehen aldiz, Durangon horrelako zerbitzu bat testatzeko”. Gaineratu duenez, esperientzia pilotu horrek “haren benetako erabilera ebaluatzeko eta, datuekin, udalerrian behin betiko ezartzeko aukera baloratzeko balioko du”.
Hiri autobus hau ezartzeak 2025eko udal aurrekontuen esparruan lortutako akordioari erantzuten dio, EAJ-PNVk eta PSE-EEk osatutako gobernu taldeak onartutako Alderdi Popularraren zuzenketa baten emaitza.