Síguenos en redes sociales:

Asteartean itxiko da Santakurtzetako pregoilaria aukeratzeko epea

Herritarrek 12 hautagaitzaren artean erabakiko dute nork emango duen jaietako pregoia. Bozketa online edo aurrez aurre egin ahal izango da

Asteartean itxiko da Santakurtzetako pregoilaria aukeratzeko epeaG. U.

Datorren asteartean, ekainaren 30ean, hilaren amaierarekin batera, itxiko du Galdakaoko Udalak2026ko Santakurtzetako pregoilaria aukeratzeko epea. Herritarrek hautagaiak proposatzeko aukera izan dute, eta orain bigarren faseari ekingo dio Udalak.

Aurten ere askotariko hautagaitzak iritsi dira prozesura; horien artean kultura, kirola, hezkuntza, gizarte ekintza edo herrigintza arloko pertsonak eta elkarteak daude. Hautagaitza bakoitzarekin batera, herritarrek euren proposamenak arrazoitzeko hainbat azalpen ere aurkeztu dituzte, eta, besteak beste, ibilbidea, herriari egindako ekarpena, elkartasun lana, kultura eta kirolaren sustapena edo aniztasunaren aldeko konpromisoa nabarmendu dituzte.

Proposamenak

Hurrengoak dira aurtengo hautagaitzak eta proposatu dituzten herritarrek euren alde egindako ekarpenak:

  • Laia Ruiz Laguna. Gazteen artean erreferente izateagatik eta kirolarekin, euskararekin, feminismoarekin eta LGTBIQ+ kolektiboaren aldeko konpromisoarekin lotuta egoteagatik proposatua.
  • Areto Dantza Elkartea. Aurten 25 urte betetzen dituen elkartea, dantzaren bidez adin eta jatorri ezberdinetako pertsonak biltzen dituena.
  • Iskander Sagarminaga. Kirol arloan lortutako lorpenengatik eta Galdakaoren izena nazioartean zabaltzeagatik proposatua.
  • C.D. Galdakaoko beteranoen elkartea. Aurten 20 urte betetzen dituen taldea, kirolaren bidez Galdakaoren izena hainbat tokitan zabaldu duena.
  • Alejandra Carrasco. Herrian egiten dituen gizarte proiektuengatik proposatua, Galdakao TEAyuda esaterako.
  • Jon Larrazabal. Pentsiodunen mugimenduarekin eta herriko hainbat ekimen sozialekin lotutako ibilbideagatik proposatua.
  • Liburutegiko langileak. Herritarrei eskaintzen dieten arreta eta eguneroko lana aitortzeko proposatuak.
  • GBGE Galdakao Elkartea. 2013tik elkartasun eta gizarte laguntza lanetan aritzen den elkartea, ehunka boluntario mobilizatu dituena.
  • Galdakaoko Txistularien Banda. Urte luzez euskal kultura eta musika tradizionala herrian zabaltzen aritu den taldea.
  • Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea. Elkartasunean eta elkar laguntzan oinarritutako lana egiten duen herriko sarea, herritarren ongizatea hobetzen lagunduz.
  • Galdakao Palestinarekin. Palestinarekiko elkartasuna eta nazioarteko giza eskubideen aldeko konpromisoa ikusgarri egiten duen kolektiboa.
  • Galdarra antzerki taldea. Herriko kultur bizitzan egindako lan eta ekarpena aitortzeko proposatuak.

Bozketa herritarren udal parte hartze plataformaren bidez edo presentzialki egin ahal izango da, Torrezabal Kultur Etxean, Urretako kiroldegian, udaletxean eta Aperribaiko liburutegian jarriko diren hautetsontzien bidez. Herritar bakoitzak boto bakarra eman ahal izango du.

Epea amaitutakoan boto gehien jasotzen dituen hautagaiak izango du 2026ko Santakurtzetako pregoia emateko ardura. Txupineroaren aukeraketa, berriz, Jai Batzordeak egingo du, aurreko Santakurtzetan parte hartu duten eta ezarritako baldintzak betetzen dituzten koadrillen artean zozketa eginda.

Parte hartze prozesu honen bidez, Galdakaoko Udalak eta Jai Batzordeak herritarren inplikazioa sustatzen jarraitzen dute, Santakurtzak herritik eta herriarentzat eraikitzen jarraituz.