Txopoaren jasotzearekin hasiko dira Axpeko jaiak
Atxondoko auzoak bariku honetan emango die hasiera San Juan jaiei, ekainaren 24ra arte luzatuko den egitarauarekin
Atxondoko Axpek auzoak prest dauka San Juan jaien egitaraua. Ekainak 19tik 24ra bitartean, herriak musika, gastronomia, kirola eta tradizioa uztartuko dituzten hainbat ekitaldi hartuko ditu.
Barikuan, hilak 19, Atxondoko II. Pilota Goxua Txapelketako finalaurrekoak jokatuko dira, 17.30ean. Ondoren, pintxo-pote animatuak hartuko du lekukoa eta, 20.30ean, herritarrek txopoa jasoko dute jaiei hasiera ofiziala emateko. Gaua Fosil, Fito Skins eta Nevadah taldeen kontzertuekin eta DJ Bullen saioarekin luzatuko da.
Mozorro eguna
Zapatuko Mozorro Egunak gastronomia eta jai-giroa izango ditu ardatz, sagardo eta sagar-zuku dastaketak, sukaldaritza lehiaketak, herri bazkaria, bingoa, mus txapelketa eta musika uztartuko dituen egitarauarekin. Domekan, berriz, artisautza eta nekazal produktuen azoka, meza nagusia, euskal dantzak eta igel txapelketa izango dira.
Egitarauak astelehenean atseden hartuko duen arren, ekainaren 23an berriro ekingo zaie ospakizunei San Juan suarekin eta txokolate janarekin. Azkenik, ekainaren 24an amaituko dira jaiak, jubilatuentzako luntx bereziarekin.