Sestaoko Udalak aurrerapauso garrantzitsu bat eman du asteazken honetan Productos Tubularen faktoria ohiaren birmoldaketa-prozesuan, Gescrap-Reimasa enpresari bulego-eraikina birgaitzeko hirigintza-lizentzia emanez.
Baimen hori pasa den apirilean emandakoari batzen zaio. Orduan, zuntz-zementuko estalkia ordezteko eta erabiltzen ez diren ekipoak kentzeko baimena eman zen. Hala, industria-konplexua berreskuratu eta balioa emateko proiektuarekin jarraitu da.
Jarduketari dagokionez, gauzatze materialaren aurrekontua 1.597.745,43 eurokoa da, eta helburua da dagoen eraikina oraingo funtzionaltasun, segurtasun, bizigarritasun eta osasungarritasunaren baldintzetara egokitzea. Obrak dauden bulegoetan egingo dira, jarduera nagusiarekin lotuta, eraikigarritasuna gehitu eta hirigintza-erabilera aldatu gabe.
Proiektuak aurrez ikusten du higiezinaren baldintza orokorrak hobetzea, eta, horretarako, jardungo da inguratzailean, barne-banaketan, akaberetan eta saneamendu, iturgintza, elektrizitate, klimatizazio eta telekomunikazioko instalazioetan. Era berean, eraikina indarreko araudira egokitu nahi da, segurtasunaren, irisgarritasunaren, suteak prebenitzearen, energia-efizientziaren eta osasungarritasunaren arloetan.
Adierazpenak
Sestaoko alkate den Gorka Álvarezek azpimarratu du “lizentzia hau berri ona dela, baieztatzen baitu Sestaoko industria-eremu zaharrek oraindik oraina eta etorkizuna dutela”. Ildo horri jarraikiz, nabarmendu du “gure udalerriak oso industria-historia sendoa duela, baina espazio horietatik jarduera ekonomikoa, enplegua eta aukerak sortzen jarraitzeko gaitasun izugarria ere bai”.
Álvarezek aipatu du “Productos Tubulares bezalako eremuak suspertzea estrategikoa dela Sestaorako, dagoeneko bertan dauden lurzoruak eta instalazioak aprobetxa daitezkeelako, haien baldintzak hobetzen direlako eta udalerrian jarduera ekonomikoa finkatzen jarraitzen delako”. “Gure industria-eremuetan aurrera egiten duen proiektu bakoitzak oso ideia argia sendotzen du: Sestaok ez dio bere industria-iraganari begiratzen malenkoniaz; oinarri sendo bat da aukera berriak eraikitzeko”, gaineratu du.
Lizentziaren arabera, lanak bi hilabetetan hasi beharko dira jakinarazpenetik zenbatzen hasita, eta zortzi hilabetetan amaituko dira. Gainera, baimena eskatutako dokumentazio teknikoa betetzearen, eraikuntza- eta eraispen-hondakinak behar bezala kudeatzearen eta udal-zerbitzu teknikoek ezartzen dituzten gainerako baldintzen araberakoa da.
Alkateak balioa eman dio Hirigintza Arloaren eta udal-zerbitzu teknikoen lanari: “Udal gisa, gure zeregina da proiektu horiek segurtasun juridikoz, zuhurtzia juridikoz eta etorkizuneko ikuspuntuz izapide daitezen lagundu, antolatu eta bermatzea. Sestaok jarduera ekonomikoa behar du, bai eta inbertsioa eta industria-lurzoruak espazio erabilgarriak, produktiboak eta aukera-sortzaileak izaten jarraitzea ere”.
Jarduketa honekin, Sestaoko Udalak aurrera egiten du udalerriaren hiri-berroneratzerako, industria-eremuak berreskuratzeko eta aukera-arlo berriak sortzeko lan-ildoan.