Síguenos en redes sociales:

2026ko Ibilaldiak milaka lagun bildu ditu, giro aparta eta ekitaldi ugariz beteta

Kirikiño Ikastolak antolatutako jaiak parte hartze handia izan du goiz osoan zehar, musika, dantza, jolas eta euskararen aldeko aldarrikapenez betetako egitarauarekin

Así se vive Ibilaldia 2026, en imágenesMarkel Fernández

62

Goizetik giro ezin hobea egon da ospatu den aurtengo Ibilaldian, Kirikiño Ikastolak antolatuta. Bizkaiko ikastolen jaiak milaka lagun erakarri ditu eta hiru gune nagusietan banatu da, Kirikiño Ikastolan, Europa parkean eta Txurdinagako kiroldegian. Familiek, gazteek eta adinekoek elkarrekin gozatu dute euskararen aldeko jai egunaz, musikak, dantzak, jolasak eta kultura ekitaldiek giro paregabea sortuta.

Goizeko 09:50etik aurrera egin da argazki ofiziala, eta ondoren inaugurazio ekitaldia ospatu da. Aurrerago Kirikiño Ikastolako bi guneetan etengabeko mugimendua egon da, gaztedi dantza taldearen emanaldia, Tor magoaren ikuskizuna, Kirikiñoko haurren abesbatza eta Go!azen taldearen saioa ikusle ugariren aurrean egin dira. Europa parkean ere ez da giro faltarik izan, Kirikiñoko dantza taldearen emanaldia, Gora Musika eta Zuzterrak taldearen dantza plaza jendez gainezka egon dira eta bereziki txalotua izan da Europa parkeko dantza ikuskizuna, ikusle ugari bildu dituelako.

Txurdinagako kiroldegian, berriz, Salbatzaile, Samasiku fanfarrea eta Punttu Kakotx taldeek hartu dute protagonismoa.Horrez gain, egun osoan zehar askotariko jarduerak izan dira adin guztietarako, futbol partidak, Euskaltelek antolatutako bizikleta lehiaketak, txarangak, umeentzako jolasak eta bestelako dinamika parte-hartzaileak. Euskararen aldeko jaiak familia giroa eta parte hartzea uztartu ditu beste behin ere.

Egun osoan zehar askotariko jarduerak izan dira adin guztietarako

Ibilaldiaren ahotsak

Ibilaldira bertaratutako askok nabarmendu dute jaiaren balio soziala eta euskararen alde egiten duen ekarpena.

Purru De la Torre, Manu Aurrekoetxea, Zaloa Aldatz, Imanol Igeregi eta Katalin Larreak adierazi dutenez, Bizkaiko hainbat txokotatik hurbildu dira Bilbora eguna pasatzera. Haien hitzetan, Ibilaldia "indarren metaketa bat" da, "ikastolen jai handi bat", eta komunitatea eta auzolana ditu oinarrian. Azpimarratu dute ikastolak ez direla soilik euskararen transmisiorako espazioak, baizik eta herrigintza eta konpromiso soziala lantzeko guneak ere badirela.

Ibilaldira bertaratutako askok nabarmendu dute jaiaren balio soziala eta euskararen alde egiten duen ekarpena

Bestalde, Europa parkean arratsaldeko emanaldia eskaini duen Zuzterrak dantza taldeko kideek gogorarazi dute horrelako ekitaldiek euskararen alde egiten dutela, baina urte osoan zehar lanean jarraitu behar dela. Haien esanetan, Ibilaldia ikastolen aitortza eta ospakizuna da eta giro bikaina nabarmendu dute. Algorta, Erandio eta Erromotik etorritako lagun talde batek azaldu duenez, "elkartasun eguna" dela eta "ambiente itzela" aurkitu dute Bilbon. Galder Olanok eta Mikel Atzek, berriz, jaiaren izaera familiarra azpimarratu dute, umeentzako eskaintza zabala eta familientzako giro atsegina nabarmenduz.

Ibilaldira bertaratutako askok nabarmendu dute jaiaren balio soziala eta euskararen alde egiten duen ekarpena

Hiru gune, helburu bera

Ibilaldiaren indarguneetako bat aurtengoan ere guneen arteko oreka izan da. Kirikiño Ikastolako patioetan kultura eta ikuskizunak nagusitu diren bitartean, Europa parkeak musika eta dantza uztartu ditu, eta Txurdinagako kiroldegiak kontzertu eta kale giro biziari eman dio lekua. Hirurek izan dute bisitari ugari goiz osoan zehar, eta antolatzaileen aurreikuspenak bete dira.

Te puede interesar:

Gune batetik bestera etengabe ibili dira parte hartzaileak, egitarau zabalaz gozatzeko asmoz, horrek mugimendu handia sortu du ibilbide osoan zehar, eta Txurdinagako auzo horiek euskararen eta ikastolen jaiaren epizentro bihurtu dira gaurkoan.

Goizeko lehen ordutik nabari izan da Ibilaldiaren benetako indarra, euskara kalean entzutea eta erabiltzea. Familiek, ikasleek, irakasleek eta ikastolen komunitate osoak euskaraz bizi eta ospatzeko aukera izan dute egun osoan zehar. Musika, dantza, kirola eta aisialdia uztartuta, 2026ko Ibilaldiak berriro erakutsi du ikastolen jaiak erreferente izaten jarraitzen duela Bizkaian. Eguerdira iritsita, hiru guneetan ikusitako giroak argi utzi du euskarak eta komunitateak elkartzeko gaitasun handia dutela oraindik ere.