Síguenos en redes sociales:

Jaietako musika-egitaraua aurkeztu du Sopelak

Janus Lester, Etzakit, Sua, Albina eta Divina, Rise to Fall, Xabi Aburruzaga eta Meñakoz taldeek soinua emango diete Sopelako eta Larrabasterrako jaiei

Jaietako musika-egitaraua aurkeztu du SopelakS. U.

Asteazken honetan,Sopelako Udalakezagutzera eman du ekainaren 25etik 29ra bitartean ospatuko diren San Pedro jaietako eta uztailaren 15etik 19ra bitartean ospatuko diren Karmenetako musika programazioa. Udalak egitarau zabala prestatu du aurten, estilo eta publiko guztientzako eskaintza anitzarekin. Hala, ekainean zein uztailean herriko gune nagusiak musikaz eta giroz beteko dira.

Ekaineko kontzertuak Sopelako Txosnagunean zein Udaletxeko plazan banatuko dira. Larrabasterrako Karmen jaietakoak, berriz, Larrabasterrako Urgitxieta plazan egingo dira.

Egitaraua

Tokiko Jai Batzordea buru-belarri ari da lanean jaien antolaketan, eta, musikaz harago, adin guztientzako askotariko ekintza kulturalak prestatzen ari da: kale antzerkia, dantza ikuskizunak, kale animazioa, zirkoa eta bestelako diziplina artistikoak ere izango dira ikusgai. Helburua da jai herrikoi, parte-hartzaile, euskaldun eta parekideak bermatzea.

Sopelako jaietako egitaraua.

Era berean, Jai Batzordeak apustu argia egiten du tokiko musikari eta artisten alde. Kartel honetan parte hartuko dute, besteak beste, Xabi Aburruzagak, Meñakoz Dantza Taldeak, Gorka Granadok (Makilhots), Aitzol Iraolak eta Libe Urrutiak (Nonbait eta Zinema Paradise) eta baita Rise To Fall taldeak ere. Aipatutakoez gain, herriko musika taldeek jaietan jotzeko deialdia ere egin da; hamar bat taldek eman dute izena, eta datozen egunetan erabakiko da zeintzuk izango diren aukeratuak.

Programazio orokorra diseinatzerakoan, elkarlana sustatu da herriko elkarteekin eta tabernariekin, eskaintza zabal eta erakargarria osatzeko. Jaietako egitarau osoa ekainaren hasieran argitaratuko da.