Markina-Xemeinek lehen sektoreari gorazarre egingo dio datorren larunbateko Baserri Egunean. Hori dela eta, Markina-Xemein baserritarren eta abeltzainen topagune bihurtuko da.

Horrela, goizeko 10.00etatik 14.00etara, herriko erdiguneak, Plazabarripeak eta Zelaiak, azoka koloretsua hartuko dute, bertoko produktu hoberenak ezagutzeko eta erosteko aukera eskainiz.

Guztira 14 ekoizle batuko dira hitzorduan, tartean Labegur, Txikiñena, Maison, Jesus eztia edota La Gilda del Norte. Eskaintza zabala izango da: baserriko ogia, gaztak, eztia, arrain kontserbak, ahatekiak eta baita edariak ere, hala nola sagardoa, txakolina eta garagardo artisaua.

Gastronomiak ere bere tartea izango du; izan ere, 12.30etik aurrera, bildots pintxoak dastatu ahal izango dira Plazabarripean, 2,5 euroko prezioan.

Azoka honek bertako ekonomia sustatzeaz gain, baserri munduko lana herritarrengana hurbiltzea du helburu, giro ederrean eta kalitatezko produktuekin.