Síguenos en redes sociales:

“Lekuko izan zirenek etxean kontatu zutena jaso dugu”

Gerediaga Elkarteak joan den astean aurkeztu zuen ‘1936ko gerraren oihartzuna. Abadiñarren testigantzak’, Gerra Zibilak Abadiñon izan zuen eragina jasotzen duen liburua

“Lekuko izan zirenek etxean kontatu zutena jaso dugu”Natale Murray Barandika

Joan den ostegunean, Abadiñoko iragana berreskuratzeko urrats garrantzitsua eman zen Errota Kultur Etxean, Gerediaga Elkarteak, Udalaren babesarekin, bi urteko ikerketa prozesu baten emaitza aurkeztean: 1936ko gerraren oihartzuna. Abadiñarren testigantzak’. Jesus Mari Arruabarrena abadiñarrak idatzitako liburu honek gerra zibilak eta ondorengo errepresioak herrian utzitako arrastoa aztertzen du, orain arte banakako artikuluetan edo herritarren oroimenean sakabanatuta zeuden pasarteak lan bakar batean bilduz.

Gerediaga Elkarteko kudeatzailea den Beñat Gaztelurrutia pozik agertu da jasotako erantzunarekin: “Aurkezpenera jende ugari etorri zen eta hasierako ekarpenak onak izan dira”. Aretoa jendez beteta ikusteak agerian utzi zuen herritarrek badutela gertatutakoa ezagutzeko gogoa. Izan ere, euskaraz nahiz gaztelaniaz argitaratutako lan honek urteetako isiltasuna hausteko balio izan du, belaunaldi desberdinen arteko zubiak eraikiz.

Lan taldea

Oinarri hori finkatzeko, talde-lan handia egon da atzean: Arruabarrena eta Gerediagarekin batera, Jimi Jimenez historialaria, Marta Calvo ikerlaria eta Durango 1936 elkarteko kideak aritu dira elkarlanean. Ildo horretan, Gaztelurrutiak balorazio positiboa egin du lantaldearen inguruan; haren esanetan, koordinazioa izaten da “erronkarik handienetakoa” horrelako proiektu zabaletan, baina prozesu osoan “gustura” aritu dira lanean, dela artxiboak arakatzen, dela argazkiak lokalizatzen.

Ikerketak agerian utzi du gatazkak modu berezian kolpatu zuela herria, batez ere Saibiko batailen garrantziagatik. Gaztelurrutiaren ustez, frontearen gune estrategiko hura gogora ekartzea ezinbestekoa da, “bertako borroketan gudari eta miliziano asko hil zirelako”. Halaber, lan honi esker jakin ahal izan da soldadu naziak ere ibili zirela Abadiñon, garai hartako testuinguruari datu esanguratsuak gehituz. Bi urteko prozesuan, ordea, “gerraren lekuko izan zirenak aurkitzea” izan da lanik korapilatsuena, dagoeneko gutxi baitaude bizirik. Hutsune horren aurrean, ondorengoen kontakizunetara jo behar izan dute: “Lekuko izan zirenek etxean kontatu zutena jaso dugu”.

Liburuaren egiturak berak islatzen du ikerketaren sakontasuna. Jesus Mari Arruabarrenak idatzitako ataletan, gerraurreko Abadiñoko egoera soziopolitikoa marrazten da lehenik, ondoren gerrako pasarte gordinenetan murgiltzeko. Alabaina, lan hau narrazio historikotik harago doa, leku berezia eskaintzen baitio gerrarekin lotura izan zuten abadiñarren identifikazioari.

Guztira, 294 pertsona identifikatu dituzte, euren egoeraren arabera zerrenda desberdinetan sailkatuta: gudariak eta milizianoak, errefuxiatuak, epaituak edota bonbardaketetan hildakoak, besteak beste. Hala ere, identifikazio hutsetik harago, pertsona horien guztien “mikrobiografiak” osatu ditu Jimi Jimenez historialariak, izen bakoitzari bere historia itzuliz.

Ildo horretan, informazio guztia paperean sartzea ezinezkoa zenez, QR kodeen bidezko sistema bat txertatu dute liburuaren amaieran. Gaztelurrutiaren arabera, tresna hori “baliabide egokia” da informazioa herritarren eskura jartzeko baita informazio berria eskuratu ahala dokumentua eguneratzeko ere.

Liburua argitaratu bada ere, ikerketak ez du etenik; izan ere, Gerediagako kudeatzaileak onartu duenez, “ikerlanek beti uzten dute etorkizunerako leiho bat zabalik”. Horregatik, herritarren inplikazioak berebiziko garrantzia izango du aurrerantzean ere, jasotakoa osatzen jarraitzeko informazio oro “ondo etorria” izango baita.

Gauzak horrela, Abadiñoko garai hartan sakondu nahi dutenek herriko estankoan eta Petite kioskoan, Durangoko hainbat liburu-dendatan edota Elkar argitaletxearen webgunean erosi dezakete liburua.