2024 eta 2026 urteen artean garatzen ari den jarduera-planari jarraituz, Burdin Hesiaren ondare historikoa berreskuratzeko eta zabaltzeko lanean ari da Sopelako Udala. Burdin Hesia Estatuko Gerra Zibilean Bilbo eta ingurua defendatzeko eraikitako 80 kilometrotik gorako defentsa lerroa zen. Gaur egun, haren aztarnek balio historiko, arkeologiko eta sinboliko handia dute.

Burdin Hesia

Udalerrian, Areneburu eta Munarrikolanda artean eta Santa Marina haitzetan eraiki zen Burdin Hesiko defentsa lerroa, Berango, Sopela eta Urduliz arteko muga mendilerroetan.

2024. urtean, Burdin Hesiko defentsa lerroaren testuinguru historikoa ezagutzeko eta ondarearen balioa handitzeko ikerketa eta dokumentazio lanak egin ziren. Abiapuntu gisa, Sopelako Burdin Hesia osatzen duten elementuei buruzko datuak bildu dira, eta Informazio Geografikoko Sistema bat osatu da, udalerriko defentsa-lerroa osatzen duten elementuak kokatzeko eta gaur egungo egoera ezagutzeko. Era berean, Udaleko datu baseetan eta bestelako artxibo digital publikoetan eskuragarri dagoen Sopelako Burdin Hesiaren defentsa-lerroaren informazio dokumentala eta grafikoa bildu da eta landa lanak egin dira baso-teknikariekin, arkitektuekin eta arkeologoekin.

Haren ondotik, dokumentu teknikoak prestatu dira. Landa lanean bisitatutako elementuen egoera eta haien balioa nabarmentzeko hautemandako beharrak oinarri hartuta, aurreproiektu bat egin da, eta, bertan, ondarea kontserbatzeko eta ingurumena integratzeko irizpideak hartu dira kontuan.

Lanak

2025ean, berriz, lehen jarduketak egiten hasi dira. Babestutako eremuaren barruan, hainbat eremutako sarbideak garbitu dira, belar-sastrakak kendu eta norabide seinaleak jarri dira. Horrez gain, panel informatiboak diseinatu dira.

2026rako, egituretan egin beharreko kontsolidazio lanak definitzen ari dira. Era berean, lehenengo fasean instalatu ez diren seinaleak jartzea eta interpretazio panelak zein panel irisgarriak jartzea aurreikusten da. Hala ere, bereziki, dibulgazio lanak hartuko du pisurik handiena. Triptikoak, PDF interaktiboak, ibilbideen trackak zein bisita gidatuak egitea aurreikusten da.

Proiektu hau hainbat erakunde eta eragilerekin koordinatuta ari dira garatzen, besteak beste, Eusko Jaurlaritzarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta teknikari espezializatuekin.

Jarduera horien bidez, Sopelako Udalak berretsi egiten du memoria historikoa zaintzeko eta udalerriaren eta lurralde osoaren nortasun kolektiboaren parte den ondareari balioa emateko konpromisoa.