Haur eta gazteentzako sukaldaritza tailerra eskainiko du Galdakaok
Jose Miguel Olazabalagak gidatuko du saioa; Torrezabal Kultur Etxean izango da, apirilaren 24an, ostiralez, 17:30ean, doan
Datorren ostiralean, apirilaren 24an, Galdakaoko Udalak herriko haur eta gazteei zuzendutako sukaldaritza masterclass bat eskainiko du. Ekimen hau Haurren Kontseiluak egindako proposamenari erantzuten dio, eta Udalak benetako parte-hartze espazioak sustatzeko duen konpromisoa agerian uzten du. Ekimena arratsaldeko 17:30ean izango da,Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusian, eta sarrera librea izango da leku guztiak bete arte.
Saioa Jose Miguel Olazabalaga Andra Mari jatetxeko sukaldariak gidatuko du, eta publiko gazteari egokitutako proposamen parte hartzailea izango da. Horrela, parte hartzaileek sukaldaritzaren oinarrizko nozioak ikasteko aukera izango dute, gastronomiara modu hurbil, hezitzaile eta motibatzailean gerturatuz.
Ekimena Haurren Kontseiluak landutako lan ildoetako bati lotuta dago zuzenean. Bertan haur eta gazteei egokitutako gastronomiarekin lotutako prestakuntza jarduerak garatzeko interesa identifikatu zen, besteak beste.
Haurren parte hartze aktiboa
Haurren Kontseilua Galdakaoko gaztetxoen eta Udalaren arteko lankidetza sustatzen duen parte hartze organoa da, eta haren bidez udal proiektu eta politiketan haurren begirada txertatzen da. Espazio honen bitartez, haurrek udal arduradunekin eta komunitateko beste eragile batzuekin solasteko aukera dute, aisialdia, espazio publikoak, segurtasuna eta ingurunea bezalako gaien inguruan proposamenak eginez, betiere ikuspegi ludiko eta parte hartzailetik.
Aurtengo Kontseilua pasaden urrian eratu zen, eta ordutik sei lan saio egin dira. Horietan, parte hartzaileek hainbat proposamen landu dituzte, hala nola jai jarduerei lotutako ekimenak, jolastoki eta aisialdi guneen hobekuntza, baita ingurumenarekin, bizikidetzarekin eta bide segurtasunarekin lotutako ideiak ere.
Sukaldaritza masterclassaren antolaketa Udalak haurren parte hartze aktiboa sustatzeko egiten duen apustuan urrats berria da, haien ekarpenak balioan jarriz eta herriaren hobekuntzan duten zeregina aitortuz.