Martxan da Julene Azpeitia literatura lehiaketaren 43. edizioa
Lehiaketa Durangorekin lotura duten gazteei eta interesa duen edozein pertsona helduri zuzenduta dago
Dagoeneko tradizionala den eta herritarren artean euskarazko sorkuntza sustatze helburu duen Julene Azpeitia literatura lehiaketaren 43. edizioa jarri du martxan Durangoko Udalaren Euskara sailak. Lehiaketa honen bidez, idazketa bultzatu eta literatur talentua balioan jarri nahi dira, ipuin, poesia eta bertso edo kopla modalitateetan.
Lehiaketak Julene Azpeitia, euskal literaturako erreferente nagusietako bat omentzen du eta euskararen erabilera indartzeko zein herrian sormen adierazpena sustatzeko aukera eskaintzen du.
Parte hartzeko modalitateak eta baldintzak
Lehiaketa, alde batetik, Durangoko ikastetxeetan ikasten duten 18 urte arteko haur eta gazteei zuzenduta dago, baita ikasketak udalerritik kanpo egiten dituzten gazte durangarrei ere. Bestetik, 18 urtetik aurrera, edonork har dezake parte. Lanek originalak, argitaragabeak eta euskaraz idatziak izan beharko dute. Halaber, ez da onartuko adimen artifizialaren bidez, osorik zein zati batean, egindako lanik. Era berean, ez dira onartuko jatorriz beste hizkuntza batean idatzitako testuen euskarazko itzulpenak.
Parte-hartzaileek hiru modalitatetan aurkeztu ahal izango dituzte lanak: ipuina, olerkia eta bertso/kopla, gai librearekin. Formatuari dagokionez, testuak Univers, Arial edo Times New Roman tipografietan aurkeztu beharko dira, 11 edo 12 puntuko tamainan eta 1,5eko lerroartearekin. Lanak ezin izango dira datu pertsonalekin aurkeztu; identifikaziorako lelo bat erabiliko da.
Kategoriak eta sariak
Lehiaketak hainbat kategoria ezartzen ditu adinaren eta hezkuntza-mailaren arabera:
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak
- Ipuina: 1-3 orrialde
- Olerkia: 10-20 lerro
- Bertso/kopla: 3 bertso edo 6 kopla
- Saria: liburu sorta
DBHko 1. eta 2. mailak
- Ipuina: 2-4 orrialde
- Olerkia: 20-30 lerro
- Bertso/kopla: 4 bertso edo 8 kopla
- Saria: liburu sorta
DBHko 3. eta 4. mailak eta Oinarrizko Lanbide Heziketa
- Ipuina: 3-6 orrialde
- Olerkia: 30-40 lerro
- Bertso/kopla: 5 bertso edo 10 kopla
- Saria: 150 euro
Batxilergoa eta Erdi Mailako Lanbide Heziketa
- Ipuina: 4-7 orrialde
- Olerkia: 40-50 lerro
- Bertso/kopla: 6 bertso
- Saria: 200 euro
Helduak (18 urtetik gorakoak)
- Ipuina: 4-8 orrialde, saria 600 euro
- Olerkia: 50-70 lerro, saria 300 euro
- Bertso/kopla: 8 bertso, saria 300 euro
Aurkezteko epea eta moduak
Lanak aurkezteko epea 2026ko apirilaren 30ean amaituko da. Lanak posta arruntez bidali ahal izango dira Durangoko Udalera (Euskara Saila, Barrenkalea 17, 48200 Durango) edo posta elektronikoz helbide honetara: juleneazpeitia@durango.eus.
Posta bidezko bidalketaren kasuan, lana datu pertsonalik gabe eta lelo batekin aurkeztu beharko da; egilearen datuak (izena, abizenak, adina, ikastetxea, maila, telefonoa, helbidea eta lema) beste gutun-azal batean sartuko dira, kanpoaldean lelo bera adierazita. Posta elektronikoz bidaltzen diren lanetan, alde batetik, lana PDF formatuan aurkeztu beharko da, modalitatea zehaztuta (ipuina, olerkia edo bertso/kopla), eta bestetik, egilearen datuak jasotzen dituen dokumentu bereizi bat bidali beharko da, “egilea” izenburupean.
Epaimahaiak maiatzaren 30ean emango du bere erabakiaren berri. Sari banaketa 2026ko ekainaren 14an egingo da, Durangoko Arte eta Historia Museoan.